Itxi

Literatura

2013ko golardoak

Xabier Olaso, euskarazko haur eta gazte literaturako Euskadi saria

Erredakzioa

Horrez gain, euskarazko saiakeraren Euskadi saria Jon Suduperenak jaso du, Oi Europa! obrari esker, eta gaztelaniazko saiakerarena, Iban Zalduaren Ese idioma raro y poderoso lanak.

1:21

Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak 2013ko Euskadi Literatura saridunen izenak ezagutzera eman ditu astearte honetan, Donostian, saridunak eurak ere presente zirela egin den prentsaurrekoan. Horrela, Xabier Olasok jaso du aurten euskarazko haur eta gazte literaturako Euskadi saria, Tximeletrak (Pamiela) obrari esker.

Horrez gain, euskarazko saiakeraren Euskadi saria Jon Suduperenak jaso du, Oi Europa! obrari esker, eta gaztelaniazko saiakerarena, Iban Zalduaren Ese idioma raro y poderoso lanak. Aurten, gaztelaniazko haur eta gazte literatura alorreko Euskadi saria eman gabe gelditu da.

Horrela, Olasok 18.000 euroko saria jaso du, eta beste 4.000 jasoko ditu, lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.

Tximeletrak Xabier Olaso Euskadi Literatura Saria 2013Epaimahaiaren ustez, Olasoren haurrentzako poema liburua euskal tradizioaren ezagutza sakonetik abiatu, eta berrikuntza poetiko jostarinarekin datorkigu, eta haurrek dituzten barne arazoak haien berezko hizkeran jasotzeko dohaina erakutsi du. Halaber, euskarak sortu dituen haur hizkuntzaren baliabideak oso modu egokian uztartzen dira poema horietan. "Egileak naturalitate osoz erabiltzen ditu hitz-joko horiek eta erritmo paregabe batez eta musikaltasun handiz eskaintzen ditu entzuleen belarrietara", azaldu dute.

Xabier Olaso Bengoa (Otxandio, 1964) Gasteizen bizi da txiki-txikitatik. Irakasle ikasketak egin zituen, eta irakaslea da lanbidez. Helduen literaturaren esparruan poesia jorratu du batik bat egun arte. Horren ondorio dira argitara emandako poema-bildumok: Gauaren magalean (Berminghan, 1996), Hariaren ariak (Arabako Foru Aldundia, 1998), Urtaro (Berminghan, 1998), Datak eta posdatak (Berminghan, 1999), Azalaren memoria eta Itinerarium (Berminghan, 2001).

Haur literaturaren esparruan, berriz, zenbait ipuin, igarkizun eta poema-liburu eman ditu argitara: Auskalo!:Igarkizun eta aho-korapiloak (Pamiela, 2001), Pupuan Trapua (Pamiela, 2004), Hotsateko Basoa (Aizkorri, 2005), Gurarien esku-jolasa (Aizkorri 2008), Un trapito en la pupa (Atenea, 2007, Madril), Paulen abentura miresgarria (Aizkorri, 2010), Izeko Eli eta biok (Ibaizabal, 2012) eta Tximeletrak (Pamiela, 2012).

Pupuan Trapua (Pamiela 2004) liburuari esker, haur eta gazte literaturako Euskadi saria lortu zuen 2005ean.