Itxi

Literatura

Estreinaldia

Kirmen Uriberen 'That Tiny Playful God', lehen aldiz, New Yorken

Erredakzioa

Mikel Valverde egile eta ilustratzaileak eta Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal musikariek ere egin dute lana Multimedia ikuskizun berrian.

  • 'That Tiny Playful God' ikuskizunaren kartela. Argazkia: Etxepare Insitutua

    'That Tiny Playful God' ikuskizunaren kartela. Argazkia: Etxepare Insitutua

Kirmen Uribe idazleak, Mikel Valverde egile eta ilustratzaileak eta Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal musikariek That Tiny Playful God (Jainko txiki eta jostalari hura) multimedia ikuskizun berria eskainiko dute lehen aldiz New Yorken, astelehen honetan, azaroaren 18an, Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin.

Etxepare Institutuak jakinarazi duenez, Bowery Arts and Science aretoan izango da emanaldia, 21:00etan. The New Yorker aldizkariak ere eman du emanaldiaren berri, Elizabeth Macklin testuen itzultzailearen gomendioa azmiparratuz. New Yorketik bueltan, disko-liburua aurkeztuko dute Bilbon, azaroaren 27an.

Taldea 2003an izan zen lehenengoz New York hiriko Bowery Poetry Club aretoan, Zaharregia txikiegia agian izeneko lehen CD liburua estreinakoz aurkezten. Bob Holmanek eta Margaret Snyderek 2004ko poesia grabaketa onenetarikoen artean kokatu zuten lan hura. Eta, besteak beste, Espainia, Frantzia, Irlanda, Alemania eta Estatu Batuetan eskaini zuten ikuskizuna.

Orain, hamar urteren ostean, New Yorkera itzuliko dira That Tiny Playful God disko-liburu berriaren zuzenekoa aurkezteko (euskaraz, ingelesez eta frantsesez). Ikuskizunak abestiak, poesia, musika eta ikus-entzunezko proiekzioak uztartzen ditu. Hiru musikariak eta idazlea izango dira taula gainean, eta gitarra elektriko zein akustikoa, mandolina, biolina, sintetizadoreak, perkusioa, ahotsak eta poesia errezitaldiak entzuteko parada eskainiko dute.