Itxi

Literatura

Poesia golardoa

Jon Obeso eta Unai Baztarrika, Blas de Otero sariaren irabazleak

Erredakzioa

Nazioarteko poesia lehiaketak gaztelaniaz idatzitako 443 lan jaso ditu, eta 17 euskaraz, hizkuntza horretan inoiz aurkeztutako kopururik altuena.

  • Blas de Otero-Villa de Bilbao Poesia Saria irabazi dute Jon Obesok eta Unai Baztarrikak.

    Blas de Otero-Villa de Bilbao Poesia Saria irabazi dute Jon Obesok eta Unai Baztarrikak.

Blas de Otero-Villa de Bilbao Poesia Sariaren seigarren edizioa, gaztelaniazko modalitatean, Jon Obeso Ruiz de Gordoa idazle donostiarraren Invención de la piel lanak jaso du, aho batez. Euskaraz idatzitako lanen artean, Unai Baztarrika Otegiren Arrakalak poesia liburua izan da irabazlea.

Nazioarteko poesia sariketak gaztelaniazko 443 lan jaso ditu, eta 17 euskaraz, hizkuntza horretan inoiz aurkeztutako kopururik altuena.

Nazioarteko lehiaketaren epaimahaiak, "saria jasotzeko aukeratu diren testuen kalitate maila altua", eta "gai eta poesia estilo aniztasuna" azpimarratu ditu. Lehenengo deialdia egin zenetik sei urte igaro direnean, bere jaioterrian Blas de Otero gogorarazten duen saria finkatutako lehiaketa bilakatu da literaturaren panoramaren barruan, eta ospe handia lortu du, bere independentzia dela eta.

Blas de Otero-Villa de Bilbao Saria, 2008an ezarri zuen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, poeta bilbotarraren ondarea kudeatzen duen Blas de Otero Fundazioarekin elkarlanean. Lehiaketaren helburua literatur sormena sustatzea eta Bizkaiko hiriburuko hiritarrei bertako egile azpimarragarrienetakoa hurbiltzea da. 6.600 euroko saria du modalitate bakoitzerako (gaztelania eta euskara).

Sari banaketa ekitaldia astelehen honetan izan da, Bilboko Udaleko Areto Arabiarrean, eta bertan Ibone Bengoetxea Kultura eta Hezkuntza zinegotzi eta epaimahaiko presidentea izan da, eta baita Sabina De la Cruz, Blas de Otero Fundazioko presidentea eta poetaren alarguna, eta epaimahaiko gainerako kideak ere.

Euskal Herriko Unibertsitatean Filosofian lizentziatutako eta Psikologian diplomatutako Jon Obeso Ruiz de Gordoak lan hauek idatzi ditu: Alimento para moscas (XVII. Lengua de Trapo Saria, 2012 eta Euskadi Literatur Sarien finalista, 2013) eta Las edades del agua (Ciudad Ducal de Loeches Sariaren finalista, 2006. Ediciones Irreverentes, 2007). La pensión (Bermingham, 2003) kontakizunarekin, Villablinoko Luis Mateo Díez IV. lehiaketaren lehen saria irabazi zuen.

Jon Obesok Compañía (Pasaiako Hiria Saria, 1995), La mirada del acuario (Iparragirre Saria, 1998) eta To Kenón (Pasaiako Hiria Saria, 1999) poema liburuak argitaratu ditu, guztiak ere Bermingham argitaletxearekin. Horrez gain, Donostia-San Sebastián Recuerda turismo gidaren egilea da, eta Bilbao egunkariaren Pérgola kultur gehigarrian idazten du. Gainera, Poéticas de Ixil (Euskal egileen poesiak gaztelaniaz) blogaren egilea da, Letras izenekoak literatur kritika alorreko nazio mailako blog hoberenetakoa izendatua.

Zenbait urte idazketaren mundutik urrunduta egon ondoren, Unai Baztarrikak berriro ekin zion bere zaletasunari Bergarako UNED-eko Idazle Eskolaren bitartez.  Batxilergoko ikasle garaian Azkue eta Urruzuno Sariak lortu zituen. Ez du inoiz libururik argitaratu, eta sari honi esker bere lehenengo lana argitaratzeko aukera izango du.