Literatura
Zikloa
Saizarbitoria eta Pinilla, literaturaz astearte honetan Bilbon
Erredakzioa
2013ko Euskadi Literatura sariaren irabazleek 'Eztabaidak literaturarekin' zikloari hasiera emango diote astearte honetan, Euskal Herriko literaturaren etorkizunari buruzko solasaldi batekin.
-
Ramiro Pinilla eta Ramon Saizarbitoria. Argazkia: EITB
Ramon Saizarbitoriaren eta Ramiro Pinillaren 'Literaturaren etorkizuna Euskal Herrian' izeneko saioarekin abiatuko da gaur 'Eztabaidak Literaturarekin' zikloaren zazpigarren edizioa, Bilbon.
Bidebarrietako liburutegian da hitzordua, 19:30ean. Txani Rodriguez idazlea arduratuko da Saizarbitoriaren eta Pinillaren, 2013ko euskarazko eta gaztelaniazko Euskadi Literatur Sarien irabazleen, arteko solasaldia moderatzeaz.
Ramon Saizarbitoriak (Donostia, 1944) behin baino gehiagotan irabazi du Kritikaren Saria, Ene Jesus (1976), Hamaika Pauso (1995), Bihotz bi. Gerrako kronikak (1996) eta Gorde nazazu lurpean (2000) lanei esker, esaterako. Azken lan horrek Euskadi Saria ere eman zion, 2001ean. Iaz, Euskadi Literatur Saria irabazi zuen, euskarazko literatura modalitatean, Martutene eleberriarekin.
Ramiro Pinillak (Bilbo, 1923), berriz, Nadal Saria irabazi zuen 1960an, eta Kritikaren Espainiako Sari Nazionala, 1961ean, Las ciegas hormigas eleberriarekin. La tierra convulsa, Los cuerpos desnudos eta Las cenizas del hierro eleberriez osatutako Verdes valles, colinas rojas trilogiari esker, Euskadi Saria lortu zuen 2005ean, eta Kritikaren Espainiako Sari Nazionala urte berean. Iaz, Euskadi Literatur Saria jaso zuen, gaztelaniazko literatura modalitatean, Aquella edad inolvidable lanarekin.