Publizitatea
Itxi

2014/02/11

10:23

Literatura

Gabriel Aresti

'Harri eta Herri'ri begira, argitaratu eta 50 urtera

Natxo Velez | eitb.com

Euskal poesian mugarria ezarri zuen liburua duela mende erdi kaleratu zuten. Horren kariaz, sei ikuspegitatik begiratuko diote Arestiren lanari, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan, asteartean hasita.

14:11
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Harri eta Herri Gabriel Arestiren (Bilbo 1933-1975) poesia liburua 1964an argitaratu zuen Itxaropena zarauztar argitaletxeak. Gabriel Arestiren poesiaren ikono bihurtu da lan hori, eta sei ikuspegitatik begiratuko diote, astearte honetan, hilak 11, hasita eta ostegunera arte, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan.

Asteartean, Anjel Lertxundi eta Kirmen Uribe idazleek begiratuko diote euskal literaturan poesia sozial, bilbotar eta hiritarraren lehen erakusgarria izan zen lanari. Asteazkenean, Karmelo Landa eta Jon Juaristi solastatuko dira Harri eta Herri lanaz, eta ostegunean, hilak 13, Aurelia Arkotxak ("Maldan behera" Gabriel Arestiren poemari buruz egin zuen tesia) eta Itxaro Bordak burutuko dute solasaldi errenkada.

Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatu ditu Harri eta Herriren inguruko hitzaldiok, eta, maiatzaren 22an, horren  irakurraldi etengabea egingo dute, halaber, Bilboko Arriaga Antzokian, zazpigarren urtez jarraian, euskal literaturaren klasiko baten bidez euskaltegiotako ikasleei gorazarre egiteko.

Harri eta Herri

Arestiren poesiagintzan, bi epe nabarmentzen dira, eta, hain zuzen ere, Harri eta Herri (1964) lanak mugatzen du bataren eta bestearen arteko zeharkaldia. 1962ra arteko lanetan –urte horretan idatzi zuen lan monolitikoa, nahiz eta bi urte geroago argitaratu– kutsu sinbolista landu eta iluna agertzen da poemetan, eta "Maldan Behera" da garai horren erakusgarri garbiena. Poeta modernoen lanak itzuli zituen, gainera, garai horretan, hainbat aldizkaritarako: Baudelaire, Machado, Shakespeare, T.S. Elliot...

Harri eta Herrin, baina, poesia sozialera lerratzen da Arestiren mundu poetikoa, zeina geroko lanetan (Euskal harria eta Harrizko herri hau) zizelkatzen eta leuntzen joango baita, ordura arte poesian ezezaguna zen ikuspegi kaletar bilbotarretik, gainera. Poesiaren edertasuna, helburu izatetik, gizartea aldatzeko bitarteko izatera igaro zen Harri eta Harrin.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea:
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;