Itxi

Literatura

Elkarrizketa

Manuel Rivas: 'Idazketak axolagabekeria uxa dezake. Ez da gutxi'

Natxo Velez | eitb.com

Galiziar idazlea ('Que me queres, amor?', 'O lapis do carpinteiro'...) Bilbon izango da astearte honetan, "Eztabaidak literaturarekin" ekimenean, Bidebarrieta Kulturgunean.

  • Manuel Rivas. Argazkia: Efe.

    Manuel Rivas. Argazkia: Efe.

"Eztabaidak literaturarekin" ekimenaren zazpigarren edizioko bigarren saioak Manuel Rivas galiziar idazlea eramango du Bidebarrieta Kulturgunera, Bilbora. Asteartean, hilak 25, izango da, 19:30etik aurrera.

Antolatzaileek argitu dutenez, Rivasek "elkartasunezko idazketari" buruz hitz egingo du: elkartasunaren balioekin erlazionatutako kasuak, gertakariak eta egoerak kontatzeko orduan idazle galiziarrarengan eragin gehien izan duten egileei buruz, Vicente Ferreren inguruan egin duen lanari eta harekin izan zituen loturei buruz, eta baita literaturak eta idazle-kazetariek konpromiso eta elkartasun maila handiagoko gizartearen bila bete behar duten lanari buruz hitz egingo dute, hain zuzen ere.

eitb.com-ek Rivasekin hitz egin du, Bilbora etorri aurretik.

Zer egiteko eta zer ahalmen du idazkerak, literarioa zein kazetaritza mailakoa izan, elkartasunaren balioak gizarteratzeko eta herritarrak mobilizatzeko, mugitzera bultzatzeko?

Hitzek konprometitzen dute pertsona, ez alderantziz. Hitzekin lan duzunean, beraiekin zer gertatzen den jakin nahi izaten duzu, zer dela eta horien orbanak, eta beraiek bultzatzen zaituzte errealitatearen alde ezkutu edo erdi ezkutu horri aurre egitera. Idazkerak, kazetaritzaren edo literaturaren esparruan, gauzak alda ditzake? Isiltasunak hautsi, ikusten ez dena agerian utzi eta axolagabekeria uxa dezake. Ez da gutxi.

Azkenaldian inguruan bizi izan dugun elkartasun erauntsi handienetakoa oso gertutik jarraitu zenuen zuk, Prestige hondoratu eta gero. Zeresanik izan al zuen literaturak mobilizazio hartan?

Protesta suminduaz haratago, gizarte mobilizazioak beste dimentsio bat hartu zuen: ber-existentzia, bigarren bizitza, hondoratzearen aurkakoa. Literaturak funtsezko papera izan zuen: literaturaren ahotsa norbanakoaren eta komunitatearen ahotsa izan zen aldi berean, beste batzuetan bezala. Poemek, manifestuek, irudikapen eta ekintza ziren batera. Poesia altxamendu gisa, iratzarri eta lurretik zutitzeko.

Vicente Ferrerri, elkartasunaren ikono bati, buruz idatzi duzun lanaren izenburuaz jokatuz ("Vicente Ferrer, Rumbo a las estrellas con dificultades"), zein oztopo, traba, daude gizartean elkartasun ekintzak gauzatzeko?

Oztopo nagusia konformismoaren birusaren hedapena da. Bidegabekeriaren aurka ezer egin ezin dela eta gizarte desberdintasunak gauzen izaeran daudela pentsarazten duen droga hori. Horrek ezintasuna eta berekoikeria dakartza. Zu ezin zara zure gelan itxita epel gelditu, Titanic hondoratzen ari bada.

Zer idazle eta lan dira elkartasunaren erakusgarri literaturan?

Sakonki irakurriz gero, literatura handi guztia literatura "konprometitua" da. Odisea eta Haserrearen mahats aleak, adibidez. Haur literaturako klasikoak ere badira. Gaur egungo krisiarekin zer gertatzen den azaltzeko modurik onena Bremengo musikariak ipuina da.

Zein neurritan da idaztea, batzuetan, elkartasun ekintza bat, partekatzeko, eskaintzeko eta laguntzeko gonbita, eta beste batzuetan egilearentzako berarentzako lasaibidea? Idazlea horren jakitun da idazteko orduan? Batzuetan norbaitentzat eta besteetan nork bere buruarentzat idazten da?

Idaztea aldi berean barrurantz eta kanporantz aurrera egitea da. Ergelkeriaren aurka aurrera egitea: ergelkeria ezarria eta nork bere ergelkeria.