Literatura
Letren jaialdia
Lydia Cachok Mexikoko biolentzia salatu du Gutun Zurian
Mexikoko kazetari eta idazleak Gutun Zuria jaialdian esan duenez, kazetariek muga igaro behar dute "orain arte sekula ikusi ez dugun biolentzia" horren berri emateko.
-
Lydia Cacho. Argazkia: EFE
Lydia Cacho Mexikoko kazetari eta idazleak esan du "orain arte sekula ikusi ez dugun biolentzia" dagoela bere herrialdean eta kazetariek muga igaro behar dutela horren berri emateko.
Lydia Cacho Gutun Zuria Letren jaialdiaren aurkezpen prentsaurrekoan izan da. "Mugako kontakizunak" leloa du aurten, Mexikoko bizitzean garrantzia handia duen gaia, hain zuzen ere.
Bere herrialdean egiten diren hilketen inpunitatea salatzeagatik da ezaguna Mexikon eta hango Gobernuari ("tirania kutsua" duela esan du) eta garatutako herrialdeei hainbat kontu aurpegiratu diete. Bere ustez, politika "hipokrita" egiten dute, "lanerako gatibuak" bilatuz eta gero kanporatzeko.
Mexikoko iparraldeko biolentzia oso ezaguna da: "Estatu Batuetara heltzeko irazkia da, amets amerikarraren fantasiarako, baina ametsak mespretxuan, arrazismoan eta sexismoan amaitu dezake", azaldu du Cachok.
Baina adierazi duenez, badira "ahaztutako" mugak Mexikon: hegoaldean, idazlea bizi den tokian "gauza izugarriak gertatzen dira egunero eta horiek kontatzen hasi behar gara: Erdialdeko Amerikan sartzen diren hainbat emakume daude, kartzelatik eta pobreziatik ihesi".
"Azken zazpi urteotan, 90.000 lagun erail dituzte, biolentzia soziala deitzen diogu. Antolatutako biolentziaren testuinguruan gertatzen dira, baina baita ideologia guztietako politikarien erasoengatik", gaineratu du.
Lydia Cachorentzat, egoerak txarrera egin du Enrique Peña Nieto presidente berriarekin. Urte eta lau hilabete daramatza Mexikoko presidente gisa.