Literatura
Lapurdi, Ipar Euskal Herria
Idazleen 31. Biltzarrak kulturzaleak batuko ditu gaur Saran
Erredakzioa
Urtero legez, literaturak eta musikak Lapurdiko herriko kiroldegia hartuko dute, azken berrikuntzak denen eskura jartzeko.
Liburu eta musika eskaintza handia dago gaur Saran, Idazleen 31. Biltzarrean. Urtero bezala, bisitariek eta kulturzaleek kiroldegia hartuko dute azken berritasunak ezagutzeko.
Sarako Turismo Bulegoak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatzen duten biltzarrak autoreei ematen die lehentasuna.
Jean Haritschelar iazko biltzarrean omendu eta gutxira hil zen; hortaz, aurtengo edizioan aipamen berezia izango du.
Aurtengo omenduak, Manex Pagola, Erramun Baxok eta Patrice Rouleau izango dira.
Euskaltzaindia ere bertan
Euskaltzaindia Sarako Euskal Idazleen Biltzarrean egongo da, urtero egiten duen moduan, eta aurten Xabier Altzibarren, Jean-Baptiste Coyosen eta Piarres Xarritonen liburu bana aurkeztuko ditu.
Akademiak gogorarazi duenez, urtero bezala Pazko Astelehenean, Sarako Idazleen Biltzarra ospatuko da herriko kiroldegian.
Euskaltzaindia ere urtero joaten da Sarara, eta hor bere azken argitalpenak erakusten ditu. Aurten, hiru liburu aurkeztuko ditu, hirurak Euskararen Erakunde Publikoaren laguntzarekin argitaratuak.