Itxi

Literatura

Literaldia 2014

Bartzelona, euskal literaturaren erakusleiho

Erredakzioa

Euskal literaturaren jaialdiak hamargarren edizioa du aurtengoa. Apirilaren 23tik maiatzaren 28ra, musika, dantza, erakusketak eta, batik bat, literatura izango dira nagusi Kataluniako hiriburuan.

  • Mikel Ayerbek eta Iñigo Astizek 'Hondakindegia' egingo dute, hilaren 26an.

    Mikel Ayerbek eta Iñigo Astizek 'Hondakindegia' egingo dute, hilaren 26an.

Literaldia Bartzelonako Euskal Etxeak antolatzen duen jaialdiak hamar urte betetzen ditu aurten, eta asteazken honetan, apirilaren 23an, hasiko da. Maiatzaren 28ra bitartean, euskal literatura ezagutarazteko proposamen berriak dakartza jaialdiak, eta literatura, musika, dantza, erakusketak eta bestelako diziplinak jorratuko ditu.

"Hamar urte betetzen dituen honetan, jaialdiak publiko katalanari euskal artista berriak ezagutzeko parada eskainiko dio. Apirilaren 23tik maiatzaren 28ra, euskal literaturaren erakusleihoa izango da Bartzelona, eta, beti bezala, ekitaldi gehienak doakoak izango dira, euskal kultura eta literatura denon eskuragarri egon dadin", azaldu dute antolatzaileek.

Aurtengo edizioan, Literaldia Sant Jordi egunarekin batera hasiko da, asteazken honetan, apirilaren 23an, eta Euskadiko Idazleen Elkarteko Elena Moreno eta Manu de Ordeñana izango dira Euskal Etxeak Rambletan jartzen duen mahaian liburuak sinatzen. Hurbiltzen diren irakurleek zuzen-zuzenean ezagutu ahalko dituzte bi idazle horien azken lanen nondik norakoak.

Horrez gain, besteak beste, Kukai dantza taldeak eta Tanttaka Teatroa antzerki konpainiak Joseba Sarrionandiaren Huny illa nyha majah yahoo poesia liburuan oinarritutako "Huny illa" ikuskizuna eramango dute Bartzelonara, Mikel Ayerbek eta Iñigo Astizek "Hondakindegia" antzerkia, hitza eta bideoak nahasten dituen lana, aurkeztuko dute, eta Aitzol Barandiaranek, Iñaki Gurrutxagak eta Julen Goikoetxeak bertso musikatuak eskainiko dituzte.

Halaber, Literaldiaren kariaz, mikroipuinen lehiaketa eta ipuin kolektiboa egongo dira Twitterren, nola katalanez hala euskaraz, #mikroconteba, #mikroipuina, #megapunta eta #ipunitzarra etiketak erabilita.