Itxi

Literatura

Internet

Borgesen alargunak idazlearen lanen erabilera okerra salatu du

Erredakzioa

Maria Kodamak Interneteko bi atariren aurkako salaketa jarri du eta Googleri eta Yahoori haien aurkako neurriak hartzeko eskatu die.

Maria Kodama Jorge Luis Borges zenaren alargunak Interneten idazlearen lanak eskegitzen eta erreproduzitzen dituzten bi atariren aurka egin du. Are gehiago, eleez haraindi, auzibidean ere jarri du afera Kodamak, oraintsu.

Kodamaren esanetan, erreprodukzio digitalotan  makina bat akats egoten dira, eta, gainera, testuak baimenik gabe erabili egiten dituzte, publizitatea egiteko edo jaistearen truke kobratzeko erabiltzen baitituzte.

"Zenbaitetan, halamoduz igotzen dituzte edukiak", esan du Borgesen alargunak Infobae TV atarian.

Kodamak Taringa eta Planeta Sedna webguneen aurkako salaketa jarri du, eta Google eta Yahoo bilatzaileei atari horien aurka egin dezatela eskatu die.

Horren ildotik, Ricardo Sanez Buenos Aireseko fiskalak aurretiaz egindako ikerketa batek dioenez, "atari horiek Borgesen lanen erreprodukzioa egin edo errazten dute, baina ez dute jabetza intelektualeko edukien jabearen inolako baimenik".

Kodamaren ustez, Internet "oso erabilgarria da, oso interesgarria, dena legearen arabera eginda egongo balitz eta gaiak jende egokiak gainbegiratuta egongo balira".

Bestalde, Fernando Sotok, Kodamaren abokatuak, esan zuenez, "Borgesen lana da munduan gehien pirateatzen dena", eta salatu dituzten atariekin inolako harremanik izatea baztertu du. Interneten Borgesen lanarekin egiten dutena "lapurreta hutsa" dela esan du Sotok.