Itxi

Literatura

Aurkikuntza

Pablo Nerudaren hogei poema argitaragabe aurkitu dituzte

Erredakzioa

Lanok urte amaieran argitaratuko duten liburu batean zabalduko dituzte, poetaren jaiotzaren 110. urteurrenaren kariaz.

Pablo Neruda txiletar poetaren hogei poema argitaragabe aurkitu dituzte Pablo Neruda Fundazioko kideek, hainbat orri solte eta koadernotan. Horietako batzuk eskuz idatzita daude, eta beste batzuk makinaz.

Dario Oses idazlea buru duen elkarte honek iragarri duenez, urte amaieran publikatuko dituzte poemok, poetaren jaiotzaren 110. urteurrenarekin eta Maitasunezko 20 poema eta abesti etsi bat liburuaren argitarapenaren 90. urteurrenarekin bat eginda.

Maitasuna eta beste gai batzuk jorratzen dituzte poemak, eta 1956tik aurrera idatzitakoak dira, Fundazioak ohar batean azaldu duenez. Horiek guztiak bildu eta sailkatzeko, bi urteko lana egin dute adituek, eta baldintza egokietan gordeta daude orain.

"Ezin izan dugu poema guztien data zehaztu, guztietan ez baitzuen jarri noiz idatzi zituen. Batzuetan soilik jartzen zuen data", azaldu du Osesek. Hala ere, "poema asko txiletarraren ibilbidearen zenbait garai jakini lotu dakizkioke".

"Hainbat poema berriz aztertu genituen, benetan argitaragabeak zirela berresteko. Orduan, guztira hogei sekula aurretik inon zabaldu gabekoak zirela jakin genuen eta, kalitate aldetik, Nerudaren bibliografiari gehitzea merezi zutela egiaztatu genuen. Batzuek ez dute izenbururik, eta lehen bertsoko esaldiekin identifikatzen ditugu", oharraren arabera.