Itxi

Literatura

Nobel saria

Pello Lizarralde: 'Modiano euskaratzeko hautua berretsita gelditu da'

Natxo Velez | eitb.eus

Oro har,ustekabea izan da Literaturaren Nobel saria Patrick Modiano frantsesari eman izana.Pello Lizarralde idazle eta itzultzaileak 2008an ekarri zuen euskarara “Udaberri alua”Modianoren lana.

  • Pello Lizarralde. Argazkia: Erein.

    Pello Lizarralde. Argazkia: Erein.

Suediako Akademiak Patrick Modiano frantses idazleari eman dio Literaturaren 2014ko Nobel saria. Hego Euskal Herrian idazle ezezaguna da Modiano, baina bazen sariaren aurretik ere haren lana ezagutu eta zabaltzen zuenik.

Pello Lizarralde idazle eta itzultzaileak (Zumarraga, 1956) “Udaberri alua” euskaratu zuen 2008an, eta Joseba Urteagak 2011n eman zuen euskarara “Villa triste” ere. Bi izenburuok Igela argitaletxeak kaleratu ditu.

Pello Lizarralderekin hitz egin dugu, Nobel saridun berriaren lanaren inguruko zertzelada batzuk jakitearren.

-Jendeak ustekabea agertu du, oro har, saria iragarri dutenean. Zu ere ustekabean harrapatu zaitu albisteak?

Oso harrituta hartu dut berria nik ere. Ez diet sariei kasu handirik egiten, berez ez dutelako baliorik, baina egia da bozgorailu bikainak direla. Gainera, oraingoan bezala gurean “ezezaguna” den idazle bati bide ematen diotenean, pozgarria izaten da. Horregatik, ni ere pozik.

Alice Munro iazko sariduna ere aspalditik ezagutzen nuen, eta pozik hartu nuen saria hari eman izana, baina Modianorenak gehiago harritu nau.

-Nolakoa da Patrick Modianoren literatura? Zer zertzelada jakin beharko lituzke haren literaturara hurbilduko den irakurleak?

Modianoren lana ez da egun oso arrakastatsua den literatura horren mugetan sartzen; ez da ezein generotan sartzen, ez da thriler-a, ez da umorezko literatura... inondik ere. Hartara, emozioak, abenturak eta beste nahi dituena alferrik ari da Modianorekin.

Obsesio jakin batzuk ditu Patrick Modianok, eta etengabe agertzen dira bere obran. Esango nuke liburu bakarra idatzi duela bere bizitzan eta haren bariazioak argitaratu direla.

Nire iritziz, bere lanaren muina ez da okupazioa, egunotan esan izan den bezala. Nik uste Paris, esaterako, protagonista bilakatu duela. Labirinto bihurtuta aurkezten du hiria, eta gehienetan kanpotik Pariseko auzoetara etorritakoak hartzen ditu hizpide: latinoak… Eta euskal abizenik ere agertzen da bere lanetan (Salaberri…).

Lehen pertsonan hitz egiten duen protagonista bat egoten da, desagertutako pertsonen, iraganeko arrastoen, bila ari dena askotan. Gehienetan, baina, ez ditu aurkitzen.

Tonuari dagokionez, intimoa izaten da, apaletik idazten du Modianok, handikeriarik gabe. Esaldi xalo eta argiak erabiltzen ditu, hizkera argi, gozo eta malenkoniatsua harilkatzeko.

-Zerk eman zizun arreta “Udaberri alua” lanera hurbiltzeko? Zailtasun berezirik izan zuen itzulpen lanak?

‘Udaberri alua’ Modianoren beste liburu bat da. Ez da, agian, ezagunena, baina oso ederra da, zoragarria, eta ez zegoen gaztelaniaz itzulia nik euskarara ekarri nuenean; izan ere, Modiano oso idazle ezezaguna zen, eta Hego Euskal Herriko idazleen eta literaturzaleen artean ere gutxik ezagutzen zuten; Miguel Sánchez Ostizekin soilik hitz egin izan dut nik Modianori buruz.

Gainera, bada bitxikeria bat “Udaberri alua”ko protagonistaren atzean Robert Cappa argazkilariaren oihartzunak daude, eta, euskaraz argitaratu genuenean, hain zuzen, Capparen maleta galduak agertu ziren. Horrek indar handiagoa eman zion argitaraldiari.

Itzulpen lanean, tonu egokiarekin asmatzea izan zen zailtasun nagusia, tonu apal baina adierazkorra lortu behar baitzen.

Joseba Urteagak ere euskarara ekarria du Modianoren lana: “Villa triste” itzuli zuen. Bai hori bai “Udaberri alua” liburu egokiak dira biak Modianoren obran sartzeko. Gainera, esango nuke Modianoren munduan sartzen denak gehiago irakurri nahiko duela.

-Zer sentitzen da nolabait zuregan gertu egon den idazle batek halako aintzatespena jaso duela jakitean?

Bada, saria jaso aurretik haren lana itzultzen asmatu egin genuela erakusten digu horrek. Nire hautu hura, Modianoren lana euskaratzeko erabakia, berretsita gelditu da, nolabait. Orain, euskaraz ere badago zerbait Modianoren lanera hurbildu eta irakurleen arteko elkarrizketa pizteko.