Itxi

Literatura

1616an hil zen

M.C. inizialak topatu dituzte Cervantesen bila ari diren kriptan

Erredakzioa

Horma-hilobietako batean, hondatutako zur zati bat topatu dute, eta bertan ageri dira idazlearen inizialak. Orain, Cervanteskin lotu dituzten hezurrak aztertzeari ekingo diote.

  • Ikertzaileek aurkituako zur zatia. Argazkia: EFE

    Ikertzaileek aurkituako zur zatia. Argazkia: EFE

Miguel de Cervantesen gorpuzkien bila ari den ikertzaile taldeak, Madrilgo Trinintarioen elizan, hondatutako hilkutxa bat topatu du, M.C. inizialak ageri direla, eta orain aurkitutako hondarrak idazlearenak ote diren aztertuko dute, Udalak Eferi jakinarazi dionez.

1 zenbakiko horma-hilobian, hondatutako zur zati bat topatu dute, eta bertan daude idazlearen inizialak, M.C.; orain, Cervantesekin (1616an hil zen) lotu dituzten hezurrak aztertzeari ekingo diote.

Teknikariek aurreko larunbatean ekin zioten Cervantesen bilaketaren fase antropologikoari, eliza madrildarrean. Bilaketa 36 horma-hilobietan eta aurretik aurkitutako hobietan egingo dute.

Zur zatia egun horretan bertan aurkitu zuten, “ia lehen kolpean”, eta “ezustean” harrapatu zuen taldea, “ikusmin handia” sortuz, ikertzaileen esanetan.

Antza denez, 1 zenbakiko horma-hilobia (inizialak agertu diren lekua) oso berezitzat dute, hondakinekin beteta egon delako, esaterako, teilak eta adreilu zatiak sartu zituzten bertan. Baliteke “bestelako ehorzketak” egin izana.

Izan ere, aipatutako hilobian M.C. inizialak agertu ziren, baita “ustez bestelako jatorria duten eta hobi gehiagoren arrastoak” ere; horregatik, ikertzaileek uste dute pertsona gehiagoren gorpuzkiak daudela.

Aurkikuntza gorabehera, ikertzaileen iritzian ez dago ezer zehaztuta, ez baieztatuta, eta ez dute behin betiko “ondoriorik” egin; baina ekimenaren zuzendarietako bat ziur agertu da “aurrerapauso garrantzitsua” dela.

30 bat arkeologok, auzitegi-medikuk, teknikarik eta historialarik osatzen dute taldea, zientzia eta kultura uztartuz, orain dela lau mende hildako idazlearen gorpuzkiak bilatzen, hain justu, Quijoteren bigarren atala argitaratu zenetik laurehungarren urteurrena betetzear denean.