Literatura
Heriotza
Umberto Eco idazle eta filosofo italiarra hil da
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bart hil da, 84 urterekin, haren etxean.
Umberto Eco idazle eta filosofo italiarra hil da bart, 84 urterekin, Milango haren etxean, familiako iturriek La Repubblica egunkari italiarrari berri eman diotenez. Hainbat lanen egilea, Arrosaren izena lanagatik ezagun egin zen.
Turingo Unibertsitatean Filosofian doktorea, Italiako RAI irrati-telebista kate publikoko saio kulturaletan lan egin zuen 1954az geroztik. 60ko hamarkadaren hasieran Estetikako irakasle agregatu gisa ere lan egin zuen Turingo eta Milango unibertsitateetan.
'63 taldea' izenekoan parte hartu zuen eta arte garaikideari, masen kulturari eta hedabideei buruzko saiakerak argitaratu zituen, besteak beste, Apokaliptikoak eta integratuak eta Opera aperta deiturikoak.
Halaber, Filosofiako katedratikoa izan da hainbat urtez Boloniako Unibertsitatean eta, besteak beste, 'supereskola' izenez ezaguna den Humanitate Ikasketen Goi Eskola jarri zuen abian. Aipaturiko ekimenak nazioarteko kultura zabaltzea du helburu eta ezagutza maila handia duen lizentziadunei zuzenduta dago. Halaber, Semiotikako Nazioarteko Elkartearen sortzailea eta idazkaria zen.
Ecok 1968an argitaratu zuen bere lehen eleberria: Egitura galdua. Horren ondotik, 1975an, semiotikari buruzko Semiotika orokorrari buruzko tratatua liburua idatzi zuen.
Dena den, 1932an Piamonten jaiotako idazle italiarrak 1980ko hamarkadan argitaratutako Arrosaren izena eleberriarekin eta Foucaulten pendulua lanarekin lortu zuen mundu mailako ospea. Arrosaren izena lanari esker hainbat sari irabazi zituen, eta Jean Jacques Annaud zuzendariak zinemara eraman zuen.
Idazle italiarrak hainbat sari eta aitortza jaso ditu haren ibilbidean zehar, hala nola, Komunikazioko eta Humanitateko Asturiasko Printzea Saria, Frantziako Ohorezko Legioa eta Honoris Causa doktore mundu osoko hainbat unibertsitateetan. Halaber, Yuste Europako Akademiako eta UNESCOren Jakintsuen Foroko kide ere bazen.
Bestalde, Arrosaren izena eta Foucaulten pendulua eleberriez gain, hamaika lan argitaratu ditu urteotan: Gutxieneko bigarren egunerokoa (1992), Interpretazioaren muga (1992), Aurreko eguneko uhartea (1994), Kant eta ornitorrinkoa, Baudolino (2000), Loana erreginaren sugar misteriotsua (2004), Pragako hilerria (2010) eta Zero zenbakia (2015).