Literatura
Kanpaina
Topaguneak 'Irakurri, Gozatu eta Oparitu' abiatu du 50 herritan
Agentziak | Erredakzioa
Liburuak liburutegi publikoan maileguan hartu eta irakurri eta gero lanok liburu denda batean % 35 merkeago erosteko aukera eskaintzen du ekimenak.
-
Patxi Zubizarreta idazleak 50 liburu gomendatuen zerrenda egin du ekimenerako
Euskaltzaleen Topaguneak "Irakurri, Gozatu eta Oparitu" egitasmoaren hamargarren edizioa jarri du martxan, zenbait euskara elkarte, udal, liburutegi eta liburu dendarekin batera.
Apirilaren 1etik maiatzaren 31ra arte iraungo du irakurzaletasuna bultzatzeko kanpaina, eta egitasmoak parte hartzea saritzen du, liburuak erosteko abantaila ekonomikoak emanez (% 35eko beherapena), eta liburua opari bihurtzera gonbidatzen du.
Kanpainaren izenak adierazten duenez, hiru urrats eman behar dira bertan parte hartzeko. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia, eta horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal da. Bigarren pausorako, gozatzeko, liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa erraz bat bete behar da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi diogun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa txekea ematen digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko. Azken urratsa liburua oparitzea da, lagun bati, senide bati edo nork bere buruari.
Aurten 50 herritan dago martxan ekimena eta nabarmentzekoa da, horietako hainbatetan lehenengo aldia bada ere, iazko herri gehienetan eskaini dela, egitasmoaren eraginkortasunaren balorazio onaren adierazle. Araban, Agurain, Aramaio, Asparrena, Barrundia, Dulantzi, Kanpezu, Legutio, Maeztu, Urizaharra, Urkabustaiz, Zigoitia, eta Zuian egingo da.
Bizkaiari dagokionez, Atxondo, Balmaseda, Derio, Ermua, Gernika-Lumo, Getxo, Igorre, Larrabetzu, Lemoa , Mañaria, Muskiz, Ondarroa, Otxandio, Zaldibar eta Zamudion burutuko da, eta, Gipuzkoan, Lazkao, Legazpi, Mutriku, Soraluze, Oñati, Ordizia, Orio eta Zaldibian.
Azkenik, Nafarroan, Altsasu, Antsoain, Aranguren, Arbizu, Atarrabia, Basaburua, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Irurtzun, Etxarri-Aranatz, Lakuntza, Larraun, Lizarra, Olazti, Uharte, Urdiain eta Zizur Nagusia herrietan egingo da.
“Eragin positiboa”
Topaguneko arduradunen arabera, aurreko bederatzi edizioetan agerian gelditu denez, kanpainak eragin positiboa izaten du herritarrek herriko liburutegian egiten duten euskarazko liburuen mailegu kopuruan. Izan ere, egitasmoaren helburuetariko bat horixe da, euskaldunak liburutegi publikoen erabiltzaile bihurtzea. Era berean, ekimenak liburuen salmentan izaten duen eragina kontuan hartzekoa da.
"Irakurri, Gozatu eta Oparitu" ekimenaren bueltan bestelako literatur jarduerak ere antolatuko dira, hala nola solasaldiak idazleekin, liburu azokak, irakurketa musikatuak eta abar. Egitasmoak honako argitaletxeen laguntza izaten du: Alberdania, Erein, Elkar, Ibaizabal, Pamiela, Txalaparta eta Susa.