Itxi

Literatura

Ekainaren 3tik 13ra

60 erakustoki eta 100 idazle, Bilboko Liburu Azokan

Erredakzioa

Amélie Nothomb Belgikako idazleak Kritikaren Saria jaso du, eta Asa Larsson suediarrari emango diote astelehenean Zilarrezko Idazluma. Eduardo Mendoza eta Antonio Muñoz ere Bilbon izango dira.

Gaur hasiko da Bilboko Liburu Azokaren 40. edizioa. Aurten 60 erakustoki izango ditugu Bizkaiko hiriburuko Areatzan, eta bertatik 100 idazle pasako dira, eskarmentu handiko egileak zein idazle hasiberriak. Eduardo Mendoza eta Antonio Muñoz Molina ezagunek hartuko dute parte, besteak beste, aurtengo ediziorako antolatu dituzten ekimenetan.

2010ean 40 urte beteko ditu Bilboko Liburu Azokak, eta, urteurren hori ospatzeko, aurtengo erakusketak Bilboko Azoka jorratuko du.

Amélie Nothomb: ''''Aparteko xanpain edale baten nortasuna usurpatzea gustuko izango nuke''''
Atzo hasi ziren 40. edizio honetako ekitaldiak. Amélie Nothomb Belgikako idazleak Kritikaren Saria jaso du Ordeno y mando bere azken lanagatik. Nortasun usurpatze batean oinarritzen da eleberria, bertako protagonistak etxeko atean hil berri zaion ezezagun baten nortasuna bereganatzea erabakiko baitu. ''''Hildako tipoa aparteko xanpain edalea da'''', esan du Amelie Nothombek. ''Gustuko izango nuke aparteko xanpain edale baten nortasuna usurpatzea'''', gaineratu du.

Nothomb Japonian jaio zen, orain 42 urte. Azken 21 urte hauetan urtero eleberri bat kaleratzeko ohitura hartu du, eta ez du ohitura bakarra hori: goizaldeko lauetatik goizeko zortzietara lan egin ohi du idazleak.

Zilarrezko Idazluma Saria, Asa Larsson idazlearentzat
Asa Larsson idazle suediarrak jasoko du datorren astelehenean, ekainaren 7an, aurtengo azokako Zilarrezko Idazluma Saria. Orain arte bi eleberri bakarrik kaleratu ditu (La aurora boreal eta Sangre derramada), eta eleberri beltza gustuko dutenen artean idazle kuttunenetako bat da dagoeneko.