Literatura
Nobel Sariak
Adonis, Murakami, Ngugi eta Roth, Literatura Nobela jasotzeko faborito
Agentziak | Erredakzioa
Gaur emango du ezagutzera nor den irabazlea Suediako Literatura Akademiak.
-
Svetlana Alexievitx, 2015eko Literaturako Nobel sariaren irabazlea. Argazkia: EFE
Adonis siriarra, Ngugi wa Thiongo kenyarra, Philip Roth estatubatuarra eta Haruki Murakami japoniarra dira, berriz ere, Literaturako Nobel saria irabazteko kiniela guztietan azaltzen diren faborito nagusienak. Gaur jakinaraziko du irabazlearen izena Suediako Literatura Akademiak.
Adonis, bizirik dagoen poeta arabiar handiena, aspalditik dago hautagaien artean; gainera, albiste da egun hauetan bere azken lanarengatik (Islama eta indarkeriari buruzko saiakera bat). Lan horrekin, beste leku batzuen artean, Goteborgeko azoka bisitatu du, Suedian literatura arloan egiten den ospetsuena.
Ngugi, Roth eta Murakami ere ohiko hautagaiak dira, batez ere japoniarra, urtez urte ageri baita faboritoen artean, baina munduan zehar dituen salmenta ugariengatik izaten da gehiago, eta ez horrenbeste kritikak oso begiko izategatik.
Poetak diren Ko Un korearra, Anne Carson kanadarra, Adam Zagajewski poloniarra eta Doris Kareva estoniarra ere ondo daude kokatuta faboritoen artean, poeta batek (Thomas Transtromer suediarrak) literatura sari hori eskuratu zuenetik bost urte igaro ostean.
Joyce Carol Oates, Don DeLillo eta Cormac McCarthy AEBtako letra "ahaztuen" beste ordezkari sendo batzuk dira, ez baitute saririk jasotzen 1993an Toni Morrisonek eraman zuenetik. Alabaina, Suediako Akademiak beti nabarmentzen du ez duela ez literatura motarik, ez herrialderik saritzen, baizik eta autoreak saritzen dituela.
Akademiak hainbat urtez edota hamarkadaz bueltaka dabiltzan izenak erreskatatzea erabakitzen badu —Doris Lessing-ekin (2007) edo Mario Vargas Llosarekin (2010) gertatu zen legez—, Peter Handke austriarra, Antonio Lobo Antunes portugaldarra, Milan Kundera txekiarra, Amos Oz israeldarra, Cees Nooteboom herbeheretarra edota Claudio Magris italiarra sari ditzake.
Nahiz eta azken urteetan faborito garbi gisa heldu ziren zenbait autorek irabazi duten —Alice Munro kanadarra (2013) eta Svetlana Alexijevitx bielorrusiarra (2015), kasu—, ezustekoak ere izan dira, besteak besten Elfriede Jelinek austriarra (2004) edota Hertha Müller alemaniarra (2009).
Egile hispanoamerikarren artean, Cesar Aira argentinarra da apustu-etxeetan hoberen kokatuta dagoena, Javier Marias, Eduardo Mendoza eta Enrique Vila-Matas espainiarren aurretik.
Hautagaien zerrenda amaigabea izan arren, Jon Fosse norvegiarra, A.B. Yehoshua israeldarra, Ismail Kadare albaniarra, Mircea Cartarescu errumaniarra eta Peter Nadas hungariarra ere kontuan hartzeko moduko izenak dira.
Aurreko urteetan egin ez bezala, Nobel sarien irabazleen jakinarazpenak ez ziren astelehenean banatutako Ekonomiako Nobelarekin bukatu, gaur izango baita azken saria emango duten eguna.