Itxi

Literatura

'Mailu batekin: Biola batekin'

Gabriel Arestiren idazlan argitaragabeak, liburu batean

Agentziak | Erredakzioa

“Harri eta Herri” argitaratu aurreko hainbat poema eta hainbat lagunekin izandako eskutitz trukeak bildu dituzte “Mailu batekin: Biola batekin” liburuan.

1:37

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Jon Kortazar idazle, saiakeragile eta literatur kritikariak eta Paulo Kortazar irakasleak Gabriel Arestiren argitaratu gabeko poemak biltzen dituen "Mailu batekin: Biola batekin" liburua aurkeztu dute astearte honetan. Poemekin batera, orain arte argitaratu gabeko bederatzi eskutitz ere jaso dituzte lan horretan.

Poemak 1962koak dira, "Harri eta Herri" lana argitaratu aurrekoak. Gainera, liburuan gerora "Euskal Harria" (1967) izango zenaren lehenengo bertsioa dago, baina, urte batzuk lehenagokoa denez, poeta bilbotarraren poesia sozialaren historiara batu beharko litzatekeela adierazi dute aurkezpenean.

"Ukaezina da hemen jasotzen diren eskutitzen balio historikoa, idazle bilbotarraren bizitza eta lana hobeto ezagutzen laguntzen baitute. Lehenengo eskutitzean, esaterako, Gabriel Arestik 22 urte besterik ez zituen, eta Euskaltzaindiari idazten dio, gerora lotura estua izango zuen erakundeari", azaldu dute.

Argitalpena "aurrerapausoa" da Gabriel Arestiren lana hobeto ezagutzeko, eta garrantzitsua da poetaren bilakaera poetikoaz genuen ustea aldatzen duelako. Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak "Mailu batekin: biola batekin" liburuaren 1.000 ale argitaratu ditu, eta Bizkaiko zenbait liburu-dendatan eskuratu ahal izango da.