Itxi

Literatura

Salmentak

'Patria' Fernando Arambururen eleberria, Estatuan gehien saldutako fikziozko lana

Agentziak | Erredakzioa

2017an Espainiako Estatuan gehien saldutako fikziozko hamar liburuen zerrendan Dolores Redondo eta Eva García Sáenz de Urturi euskal idazleenak ere ageri dira.

“Patria” Fernando Aramburu donostiarraren eleberria izan da Espainiako Estatuan 2017an gehien saldutako fikziozko liburua, Nielsen konpainiak Bookscan txostenean bildutako datuen arabera.

Nielsenen idatziak dioenez, Aramburuk irakurleak “konkistatu” zituen euskal gatazkaren barruan kokatutako istorioarekin, eta “erabateko aldaketa” izan da zerrendan urte batetik bestera, 2016an “Harry Potter y el legado maldito” izan baitzen fikziozko lan irakurriena Espainiako Estatuan.

Hamar liburu salduenen zerrendan, halaber, “Todo esto te daré” Dolores Redondo donostiarraren eleberria (laugarren) eta “El silencio de la ciudad blanca” Eva García Sáenz de Urturi gasteiztarraren suspensezko eleberria (zazpigarren) ere ageri dira.

Euskal idazleen lanez gain, beste hauek ere ageri dira zerrendan: Dan Brown ("Origen"), Ken Follett ("Una columna de fuego"), Carlos Ruiz Zafón ("El laberinto de los espíritus"), Javier Sierra ("El fuego invisible"), Isabel Allende ("Más allá del invierno"), Almudena Grandes ("Los pacientes del doctor García") eta Arturo Pérez-Reverte ("Falcó").