Literatura
Literaturaren Nobel saria
Suediako Akademiak ez du aurten Literaturaren Nobel saria emango
Agentziak | Erredakzioa
Jendarteak erakundearen gaineko konfiantza galdu izana da arrazoia, hamazortzi kideetako zortzik dimisioa aurkeztu baitute horietako baten senarrak sexu abusuak egin dituela salatu ondoren.
Suediako Akademiak iragarri duenez, aurten ez dute Literaturaren Nobel saria emango, eta 2019ra arte atzeratu dute hurrengo saridunaren jakinarazpena (bi sari emango dituzte datorren urtean, beraz), Akademia krisi historikoan murgildu duen sexu abusuen eta filtrazioen eskandaluaren ondorioz.
Jendarteak erakundearen gaineko konfiantza galdu izana da Bigarren Mundu Gerratik parekorik izan ez duen erabakiaren zergatia; hamazortzi kideetako zortzik karguari muzin egin diote.
Suediako Akademia, suediera bultzatzen duten idazle eta hizkuntzalarien taldea, polemikan murgilduta dago horren kideetako baten senarrak sexu abusuak egin dituela salatu zenetik. Gainera, aurreko urteetan, irabazlearen izena iragarpen ofiziala egin aurretik jakin da, eta horrek ere susmopean jarri ditu Akademiako kideak.