Itxi

Literatura

Poesia

Blas de Otero omendu dute Bilbon

Erredakzioa

Bilboko poeta jaio zela 95 urte bete dira, eta bere poesia ezagunenak irakurri dituzte Bizkaiko hiriburuko hainbat tokitan, literatura ibilbide berezia sortuz.

Blas de Otero jaio zela 95 urte bete dira eta literatura ibilbide berezia egin dute astearte honetan Bizkaiko hiriburuan, Bilboko poeta ezagunari omenaldia egiteko. José Ángel Iribar futbol jokalari ohiak, Kepa Junkera musikariak, Gurutze Beitia aktoreak eta José Fernández de la Sota idazleak Blas de Oteroren poesia ezagunenak irakurri dituzte, idazlearen lan bilduman esanguratsu izan ziren Bilboko toki zehatzetan.

Abandoko geltokian hasi dute ibilbidea, toki hori oso presente izan baitzen idazlearen bizitzaren lehen urteetan. Hurtado Ametzaga kaleko 28an
jaio zen Blas de Otero, eta bere aitonak, Jose Ramon Muñozek, mediku-kontsulta zuen Abandoko geltokiaren aurrean. Bere aitak, Armando de Oterok,
eraiki zuen etxea eta bertan bizi izan zen poeta 10 urte bete arte. Sabina de la Cruz alargunak Blas de Oteroren testu autobiografiko ezezagun bat
irakurri du bertan (testu horretan bere etxea eta aitonaren etxea izan zituen hizpide olerkariak). Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak
Biotz Begietan lana ere irakurri du lehen geldialdi honetan.

Bailen kalerantz egin dute jarraian, eta Kepa Junkerak jarri die bertan ahotsa ''''Lejos'''' olerkiko hitzei. Plaza Barrian Jose Angel Iribarrek ''''Canto al Cantábrico'''' irakurri du, eta Gurutze Beitiak ''''Morir en Bilbao'''' lanari jarri dio ahotsa. Boulevard kafetegi parean bukatu da ibilbidea, José Fernández de la Sota idazleak irakurritako ''''Parece que llueve'''' olerkiarekin.