Itxi

Literatura

12 biografia

Mikel Laboa, Bilintx eta Xenpelar, 'Bidegileak' bilduman

Erredakzioa

Euskal hizkuntzaren eta kulturaren alde nabarmendu diren hainbat pertsonaren bizitza eta lana jasotzen ditu Bidegileak bildumak. 12 liburuxka aurkeztu dituzte, 59, 60 eta 61. sortak.

Besteak beste, Mikel Laboa, Bilintx, Xenpelar, Emile Larre eta Pedro Mari Otaño euskal kulturaren izen handien biografiak jasotzen dituzten Bidegileak bildumako sortak kalean dira. 59, 60 eta 61. sortak osatu eta argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, eta Blanca Urgell Kultura sailburua atal berrion aurkezpenean izan da, Donostiako Miramar Jauregian.

Sorta berrietan euskararen alorrean bidegile izan diren 12 euskal pertsonaren bizitzaren eta lanaren inguruko informazioa jasotzen da. Honako euskalari hauen ingurukoak dira: Martin Olazar Uribe, Mikel Atxaga Fernandez, Jose Maria San Sebastian Latxaga, Mikel Laboa Manzisidor, Frantzisko Inazio Lardizabal Urretabizkaia, Jean-Pierre Duvoisin, Emile Larre, Maria Pilar Lasarte Zubitur, Indalezio Bizkarrondo Bilintx, Juan Frantzisko Petriarena Xenpelar, Pedro Mari Otaño Barriola eta Antonio Zavala Echeverria. Horietatik guztietatik Maria Pilar Lasarte eta Emile Larre bakarrik daude bizirik; Emile Larre ezin izan da ekitaldian egon, baina Maria Pilar Lasarte bertan izan da.

Bildumaren helburua euskalgintzan aitzindari izan diren gizon-emakumeak eta haien lana ezagutzera ematea da. Pertsona horien pentsaera, bizitza eta lana modu ulergarrian eta erakargarrian ezagutarazteko, material grafiko ugari erabili da, eta testuen idazketa adituen esku utzi dute.

12 liburuxka horietako bakoitzetik 2.300 ale inprimatu dira eta, paperean plazaratzeaz gain, euskara.euskadi.net helbidean ere jarriko dira lehenago argitaratutako liburuxkekin batera.