Itxi

Literatura

'Ganbila' bilduma

Susa argitaletxeak eta EHAZEk euskarazko antzerki testuak argitaratuko dituzte

eitb.eus

Ganbila antzerki bilduma berria Oier Guillanek koordinatuko du, eta udazken honetan argitaratuko dituzte lehen hiru liburuak.

  • 'Francoren bilobari gutuna'

    'Francoren bilobari gutuna'ren testua izango da lehen lanetako bat. Argazkia: Guillame Mezia.

Kanpo aldera kurbatua dagoen ispilua da ganbila, ikuspegi zabala baina irudi deformatua ematen dituena, eta izen hori erabili dute, ikur gisa, Susa argitaletxeak eta EHAZE Euskal Herriko AntzerkiZale Elkarteak Ganbila antzerki bilduma berria izendatzeko.

Zigilu horrek euskaraz idatzitako teatro-testu garaikideen bilduma egonkorra aurkeztuko du, artxibategi bokazioz, eta egunotan harpidetza kanpaina abiatu dute ganbila.eus webgunean. Urtean sei liburu argitaratzeko asmoa dute, hiru udaberrian eta hiru udazkenean, eta 48 euroko prezioa du urteko harpidetzak.

Udazken honetan, lehen hiru tituluak argitaratuko dituzte: Bazterreko ahotsak, Beheko Larraine taldearen bi antzezlanez osatutako liburua (Atte hil aurretik eta Manifestu bat); Simplicissimus Tartean konpainiak estreinatu berri duen antzezlanaren gidoia; eta Francoren bilobari gutuna antzezlanaren testua.

Liburuek, gainera, testu osagarriak izango dituzte, hala nola sortze prozesuari buruzko pasarteak, hitzaurreak, hitzosteak…

Udaberriko aleak izango dira Isiltasuna (Eneritz Artetxe), Mami Lebrun (Kepa Errasti) eta 4.48 psikosia Sarah Kaneren lanaren euskararako itzulpena.