Itxi

Literatura

Elkarrizketa

'Aisialdian gozatzeko edo nork bere paranoia elikatzeko balio du ‘Atopia’ lanak'

Natxo Velez | eitb.eus

Etzi pm kolektiboak “Atopia” rol jokoa aurkeztuko du Durangoko Azokan, iaz berorren proiektuarekin Azokaren Sormen Beka irabazi eta gero.

  • "Atopia"

    "Atopia" rol jokoak irabazi zuen iaz Durangoko Azokaren lehen Sormen Beka

Durangoko Azokak aspaldi utzi zion, zorionez, "Disko eta Liburu Azoka" soilik izateari, euskarak sormenaren esparru ezberdinak hartu dituelako dagoeneko, errealitatearen joan-etorriari egokituta. Aurten, aurreko urteetan bezala, ikus-entzunezko gaiak, jolasak, antzezlanak eta beste hamaika produktu aurkeztuko dituzte Landako guneko salmahaietan eta Durangoko gainerako espazioetan, disko eta liburuekin batera.

Horietako bat Atopia izango da, euskaraz sortutako lehen rol jokoa. Durangoko Azokaren lehen Sormen Beka irabazi zuen iaz Etzi pm kolektiboak, eta aurten aurkeztuko dute emaitza Sormenaren Plazan, euskal kulturazaleen urteroko hitzorduan.

Egileetako batzuekin hitz egin dugu, rol jokoetara gehiago hurbiltzeko asmoz.

Literaturari zuzendutako sormen beka bat du iturburu Atopia-k. Hitzaren bidez fikziozko munduak sortzen dituzten heinean, literatura dira rol jokoak? Jaso duzue hori zalantzan jartzen zuen errezelorik?

Harkaitz Zuloaga: Agentziako txikiteroek kontatu digute taberna elkarrizketetan baten batek esan duela zer edo zer rola eta literatura lotzearen aurka, edo gu saritzearen aurka. Guri, aurrez aurre, txintik ere ez, ordea, inork ez. Eta nahi genuke, egia esan, kritika txarren bat. Eta onak ere bai. Agian liburua irakurritakoan zalantza handiagoak egon litezke, jendea konturatzen denean benetan liburua dela, ez bideo-joko edo taula-joko bat. Ez dakit Anarik edo beste norbaitek esaten ote zuen (barka dezala bera izan ez bazen) elkarrizketa batean, hark egiten zuena literatura ote zen galdetuta, literatura nonahi ageri dela, baita batzuetan liburuetan ere.

Ikerne Geldoki: Galdera hau da, berez, jasotako errezelorik handiena. Ez dugu halakorik ikusi Bob Dylanek Literaturaren Nobel saria irabazi zuenetik.

Jokotik abiatuta sortzen diren mundu horietan, zer gai jorratzen dira? Ondo pasatzeko, aisialdirako, jokoa da ala badu entretenimenduaz haratago iristeko bokazioa?

Azeari Gezuraga: Atopia-k proposatzen dituen munduek fikzioa dirudite, baina askotan errealitatearen hiperbolea besterik ez dira, eta benetan gertatzen ari direnak irudimenean bakarrik gertatzen direla dirudi. Egunerokotasuneko errealitatearen alde absurdoena edo absurdoaren alde errealak tartekatzen dira une oro. Hortik abiatuta, jokalariek aisialdi eta gozamenerako tartea hartu edo euren paranoia aseezina elikatzeko saio bezala balioko die jokoak.

Harkaitz Zuloaga: Entrenamendua bera beti joaten da haratago, beti ematen du zer hausnartua, edo are hobeto, are eraginkorrago, are STMAgo (*ikus hurrengo irudia), eragina du gugan hausnartu behar izanik gabe ere. Beraz, entretenigarri izatera iristen bagara, gu pozarren.

Ludovico Jabeburu: Liburua burujabetza ludikoaren aldeko manifestu batekin amaitu dugu. Jokoa eta jolasa oso serio hartzen ditugu, eta, beraz, oso ganberro. Zaila egiten zaigu sinestea jokoa inoiz fikzio soila izan daitekeenik, beti kutsatzen da errealitateaz, eta, alderantziz, beti kutsatzen du errealitatea (Zein nahi dugu izatea gure hizkuntzaren estatus ludikoa? Nola landu dezakegu generoaren auzia hemendik aurrera fikzio inprobisatu eta komunitarioetatik abiatuta? Zein zirkuitu kultural baliatu eta sortu beharko genituzke umeek eta adinekoek, hemengoek eta hangoek, mota guztietako euskaldun ezberdinek aukera erakargarri bat izan dezaten?) Uste dugu euskaraz sortutako rol joko bat behar-beharrezkoa zela, eta gurearen ostean gehiago etorriko direla espero dugu. Beraz, bai, haratago iristeko bokazio betea daukagu. Hau dena aldatu nahi genuke.

STMA Atopia osatzen duten lau fakzioetako bat da

350 orrialdeko liburu bat da jokoaren ardatz eta lehengaia. Hasi eta buka irakurtzeko lana da? Nola erabiltzen da?

Krista Beira-Begi: Hasiera batean, 270 orrialde izango zituela esan genuen. Gero, 350. Azkenerako, 400 orrialdeko liburukotea izango da. Ez diogu inori gomendatzen hasieratik amaierara eserialdi bakarrean irakurtzea, eragin lisergiko eta haluzinogeno iraunkorrak izan baititzake irakurlearentzat. (T)Eleberri bat baino, tresnaz eta piezaz beteriko kutxa gisa irudika daiteke liburua, eta horren adierazgarri dira atal ezberdinak: Atopiaren unibertsoaren eta bertako biztanle ezberdinen deskribapenak (Kosmografia), mundu honetan taldean abenturak bizitzeko arau proposamenak (Mekanika), guk idatzi baina irakurleek euren modura planteatzea nahi ditugun zenbait abiapuntu (Euskal Herria Arrarotu, Bala Bakarreko Partidak)... Kontsultarako eta inspiraziorako entziklopedia-eskuliburu-sukaldeko errezetario surreal bezala ere uler daiteke, finean. Eta uste dugu dekoraziorako objektu bezala ere ondo emango duela edozein etxetako txoko batean.

Harkaitz Zuloaga: Erabilera anitzeko kutxa da, bai, eta dekoratiboa ez da izango erabilera bazterrekoena segur aski. Badira, ordea, beren-beregi irakurtzeko egindako atalak, aparteko idazleen kolaborazioa izan dugu-eta idazle gonbidatuen programan: Garazi Albizua, Lady Distopia, Goizalde Landabaso, Josu Lezameta, Ana Malagon, Yurre Ugarte, Iban Zaldua eta Mikel Zumeta. Horiek guztiak tartean ibilita, nola ez da, bada, egongo zer irakurririk. Gainerako atalei dagokienez, Ukronizkina, adibidez, dosi doietan irakurtzea oso ariketa gomendagarria izan liteke.

Ikerne Geldoki: Beno (barreak), Durangoko Azokan erosten diren beste liburuak ez bezala, hau irakurtzeko diseinatuta dago. Hori bai, rol joko gehienetan bezala, atal batzuk denek irakurtzeko modukoak dira eta beste batzuk, aldiz, Maizterrak baino ez, jokoa interesgarriagoa izan dadin.

Nori zuzenduta dago Atopia? 

Azeari Gezuraga: Atopia edonork jokatzeko moduko jokoa da, nerabezarotik hasi eta nahi denera arte. Ulertze prozesu bat dakar, eta arreta pixka bat eskaini behar zaio. Baina, gogoa izanez gero, edonorentzat da. Jokalarietako batek Maizter izateko ardura hartu behar du, eta horrek jokatuko den partidaren jakintza izan behar du. Eszenak deskribatu, mekanika kontrolatu eta taldearen erabakiak gidatu beharko ditu.

Harkaitz Zuloaga: Saiatu gara hainbat geruzatako jokoa eta istorioak egiten. Rolzaleak agian era batean gozatuko du, eta jokookin zerikusirik ez duen irakurle-jokalariak beste batean. Argi dugu jende askorentzat lehen harremana izango dela rol-arekin. Edo hori da asmoa. Eta rolzaleak euskarara hurbiltzeko balioko balu, bikain. Gauza bera adinari dagokionez: ume eta gaztetxoei kultur erreferente zenbaitek itzuri egingo die, baina jokoak badu bestelako gozamenerako tartea ere. Orain arte 11 bat urteko haur pare batek probatu dute, eta bikain pasa dute.

Nolakoa da partida bat? Zenbat lagun? Zer material behar da? Zenbat denbora behar da? Denak dira elkarren etsaiak?

Azeari Gezuraga: Mahai baten inguruan 3 pertsona gutxienez, taldetxo bat bildu behar da. Liburua, jokalari fitxen fotokopiak, orri zuriak, arkatzak eta dadoak besterik ez da behar. Oso eroa eta dibertigarria izan behar du. Helburua ondo pasatzea da, eta jokalarien jarrera alaia nahitaezkoa da. Rol jokoa antzerki espontaneoa da, jokalariek erabakitzeko ahalmena izango dute, noiz kooperatu eta noiz elkarren aurka matxinatu.

Atopia-ren jokalari fitxa

Harkaitz Zuloaga: Jokoaren lehen zatia, Maizterraren aurre-prestaketa aparte utzita, jokalarien pertsonaiak sortzea da. Bertan, fakzioa aukeratzeaz gain, pertsonaiaren aurrekariak, izaera, ezaugarriak eta ekipamendua pentsatu behar da, eta ia ordubeteko prozesua izan daiteke taldearentzat. Horren ostean, aukeratzen den partidaren arabera. Errandom Era edo Teleberri Modua izan daiteke laburrena, edo Bala Bakarreko Partida, bizpahiru ordu iraun dezakeena.

Ikerne Geldoki: Etsaitasunarena galdera interesgarria da. Azearik esan duen bezala, ez du zertan, baina izan daiteke. Rol jokoak, askotan, kooperatiboak dira: elkarrekin sortzen da istorioa, eta elkarrekin aurrera joatea nahitaezkoa da. Kooperatu behar da Maizterraren eta jokalarien artean, eta kooperatu daiteke jokalarien artean, baita erabakiak zure interesen aurka egiten duenean ere, narratibaren alde, istorioaren alde, gidoi on baten alde. Interes ezberdinak eduki daitezke, baina elkarrekin aritu beharko gara literatura egiten.

Abenduaren 7an partida bat jokatuko duzue Landakon. Nolakoa izango da?

Krista Beira-Begi: Geure burua konplikatzea gustatzen zaigu eta ekitaldi bakoitzean pauso bat edo bi gehiago eman ohi dugu. Durangoko Azokan Kabi@ko domoan zuzeneko partida publikoa jokatzeaz gainera, audio eta bideoan grabatuko dugu dena, gero hau txukun editatu eta argitaratzeko asmoz. Esan dezakegu "rolcast" (rol jokoa + podcasta) saio bat egingo dugula. Euskarazko rol jokoen inguruan ez dago merkaturik oraindik, eta dena egiteko dago; beraz, une zoragarria da esperimentaziorako.

Marxialistena da Atopia-ko lau fakzioetako beste bat

Zer etorkizun aurreikusten diozue Atopiari? Zer bide egingo du?

Harkaitz Zuloaga: Euskarazko rola modan jarriko da, jokalarien feedbacka jasoko dugu, eta horrek txiki utziko du liburua. Espantsioak egin beharko ditugu, orain arte deskribatutako munduak osatu eta hedatu, eta mundu horren kontrola galdu egingo dugu erabat.

Ikerne Geldoki: 2025eko Durangoko Azokan gutako inork idatzi ez duen Atopiaren espantsioaz gain, Euskaltzaindiak kromo bilduma bat argitaratuko du, fakzio bakoitzeko kiderik esanguratsuenekin.

Atopiak batu zaituzte. Baduzue bestelako proiekturik elkarrekin?

Harkaitz Zuloaga: Ideia ero batean hasi eta burujabetza ludikoaren konkistak burutuko duen bide honek hainbat pauso ditu. Zuen arreta lortzea ez zen lehenengoetarikoa, eta hori ere eman dugu. Hurrengoak ere diseinatuta daude, eta batzuk ematen hasi gara dagoeneko. Ez ditugu, baina, oraindik plazaratuko. Izango duzue gure berri, uste duzuena baino lehentxeago.

Ikerne Geldoki: Bi fakzio daude gure baitan. Batetik, Atharratze Espinosa de los Monterosek zuzentzen duena dugu, “ideia berririk ez” leloa duena, eta, bestetik, Aixa Erratenda dugu, egunero proiektu berri bat planteatzen duena. Bien arteko oreka da gure Telegram taldearen dialektika.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena