Itxi

Literatura

Urrian

Etxepare Euskal Institutua, nazioarteko lau azokatan

Erredakzioa

Frankfurteko Liburu Azokan, Liber-en (Madril) eta Londreseko zein Berlineko hizkuntza azoketan parte hartuko du, bere erakustokian euskara ordezkatzeko.

  • Etxepare Euskal Institutua, nazioarteko lau azokatan. Argazkia: EITB

Etxepare Euskal Institutuak liburugintza eta linguistika arloetako hainbat ekitalditan parte hartuko du urrian. Europan ospatuko diren nazioarteko liburu eta hizkuntza azoka nagusietan egongo da.

Urriaren 12tik 16ra Etxepare Euskal Institutua Frankfurteko Nazioarteko Liburu Azokara joango da, Euskadiko Editoreen Elkartearekin lankidetzan euskal liburuaren presentzia nazioarteko merkatuetan indartzeko asmoz. Euskal erakustokia izateaz gain, euskal literatura aurkezteko hainbat jarduera egingo dituzte. Horietan, Jon Arretxe eta Fernando Morillo idazleek ez ezik, Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko zuzendari eta literatur kritikariak ere hartuko du parte.

Etxepare Euskal Institutua Londresen egongo da urriaren 21etik 23ra, The Language Show hizkuntza azokan, baita Berlineko Expolinguan ere, hil honen 28tik 30era.

Emaitza positiboa Liber-en

Euskal sektore editoriala Madrileko Liber-en ere egon zen urriaren 5etik 7ra. 20 argitaletxek baino gehiagok, bere liburuak erakusteaz gain, sektoreko profesionalekin harremana izan zuten, banatzaileekin, inportatzaileekin eta liburuzainekin besteak beste.