Itxi

Literatura

Egoitza berria, Donostian

Luis Villasante ikerketa zentroa inauguratu du Euskaltzaindiak

Erredakzioa

Akademiak Gipuzkoan dituen zerbitzu, egitasmo eta lantalde guztiak batuko dituzte bertan.

01:09
Luis Villasante ikergunea, Euskaltzaindiaren egoitza berria Donostian

Luis Villasante Euskaltzaindiaren Euskararen Ikergunea inauguratu dute ostiral honetan Donostian. Gipuzkoako hiriburuko Ibaeta auzoan dago eraikina, egungo etxeen artean zutik iraun duen XVIII. mendeko baserri batean. Zehazki, Tolare baserria izango da aurrerantzean Euskaltzaindiaren egoitza berria. Akademiak Gipuzkoan dituen zerbitzu, egitasmo eta lantalde guztiak batuko dituzte bertan: ordezkaritza ez ezik, Jagonet Zerbitzua, Joanes Etxeberri egitasmoa (Euskararen Historia Soziala) eta Euskaltzaindian Hiztegigintzan lan egiten duten taldeak hartuko ditu eraikinak. Egoitza soila barik, ikerketa zentroa ere izango da, eta ikerguneari Luis Villasante izena jarri diote. 1970etik 1988ra euskaltzainburua izan zen Villasante.

Gaurko inaugurazio ekitaldian izen nabarmen asko bildu dira, tartean euskaltzainak, erakundearen oraingo eta aurreko hainbat ordezkari eta zenbait erakundetako agintari ere.

Euskarari zukua atera

Tolare baserria sagarrak bildu eta sagardoa egiteko erabiltzen zen eraikina izanik, hizlarietako askok hitz-jokoa egin dute, eta Euskaltzaindiak, ikergune berrian, euskarari zukua atera behar diola esan dute inaugurazio ekitaldian.

Luis Villasante, euskara batuaren garapen-prozesua zuzendu zuen euskaltzainburua

Luis Villasante Kortabitarte Gernikako Errenteria auzoan jaio zen, 1920ko martxoaren 22an. Euskaltzaindiaren baitan, euskal idazle klasikoak aztertzen jardun zuen, Axular bereziki: 'Gero' liburua sakonki aztertu eta gaztelaniara itzuli zuen. Akademiaren jardueran parte-hartze oso aktiboa izan zuen hasieratik, eta nabarmentzekoa da euskara batuari forma eman zion 1968ko biltzarreko bere ekarpena.

1970ean Manuel Lekuonaren lekua hartu eta euskaltzainburu izendatu zuten. Berari zor dio Akademiak erakundea modernizatu, gizarteratu eta aro berri batean sartzeko bidea urratu izana. Bere gidaritzapean, batzordeak antolatu ziren, barne-araudia onartu zen, eta Baionako eta Iruñeko ordezkaritzak ireki ziren. Euskara batuaren garapen-prozesua zuzendu zuen.