Itxi

Literatura

Haurrentzako literatura

Ur tanta batekin bidaian, Juan Kruz Igerabideren lan berrian

Erredakzioa

'Tanta baten istorioa' izeneko liburua kaleratu berri du Igerabidek. Lorena Martinez Oronozen ilustrazioekin, ur tanta ibiltari baten istorioa dakarkigu lanak.

  • 'Tanta baten istorioa' lana aurkeztu du Juan Kruz Igerabidek

    'Tanta baten istorioa' lana aurkeztu du Juan Kruz Igerabidek. Argazkia: Ttanttaka.

Juan Kruz Igerabidek 'Tanta baten istorioa' haurrentzako liburua kaleratu berri du. Ur tanta ibiltari baten abenturak dakarzkigu idazleak, Lorena Martinez Oronozek egindako ilustrazioak lagun dituela. Ttanttaka argitaletxeak kaleratu du lana, Album Ilustratua bildumaren baitan.

Liburua irakurtzen hasi orduko, tantarekin batera bidaiatzeko gonbita jasoko du irakurleak, zerutik lurrera, gure barru-barruraino iritsi arte. ''Bizitzaren eta arimaren misterio handiari buruzko album poetikoa da, leuntasunez idatzi eta ilustratutako kontakizun hunkigarria''.

Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea izan da urte askoan Juan Kruz Igerabide (Aduna, 1956). Gaur egun Euskal Herriko Unibertsitatean egiten du lan. Haurrei eta gazteei zuzendutako liburu ugari idatzi ditu, tartean 'Durango, Durango' (2000), 'Mintzo naiz isilik' (igarkizunak, 2001), 'Munduko ibaien poemak' (2004), 'Joxe Panpin, jostailu saltzaile fin' (2005), ''Olentzeroren malutak (2007), 'Amilami' (2008), 'Printzesa Begizulo' (2009) eta 'Misterioa argitu arte' (2011).

Lorena Martinez Oronoz 1973an jaio zen, Irunen. Aspalditik marrazkiak egitea da bere bizitzaren ardatz nagusietako bat, eta marrazkilari gisa lan egiten du. Zenbait liburu ilustratu ditu haur literaturan, besteak beste 'Mintzo naiz isilik' (2001), 'Argitxo bilduma' (2003), 'Munduko ibaien poemak' (2004) eta 'Joxe panpin jostailu saltzaile fin' (2005).