Literatura
4-16 urtekoentzat
'Klis-Klasikoak': haur eta gazte literaturako klasikoak, euskaraz
Erredakzioa
'Txan Fantasma', 'Maria Goikoak batbirulau', 'Indianoa' eta 'Pinotxoren abenturak' dira bilduma berri honetako lehen lau lanak.
Kalean da 'Klis-Klasikoak' haur eta gazte literaturako lan klasikoak euskaraz jorratzen dituen liburu bilduma berria. 4 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteei daude zuzenduta bertako liburuak.
Eusko Jaurlaritzak eta Galtzagorri haur eta gazte literatura elkarteak jarri dute martxan bilduma berri hau, eta literatura unibertsaleko klasikoak euskaraz kaleratzea du helburu.
'Txan Fantasma', 'Maria Goikoak batbirulau', 'Indianoa' eta 'Pinotxoren abenturak' dira argitaratu dituzten lehen lau liburuak, eta hainbat euskal idazle, itzultzaile eta ilustratzaile ezagunek hartu dute parte bertan, tartean Mariasun Landak, Anjel Lertxundik, Patxi Zubizarretak eta Dani Maizek.
2012an titulu gehiago kaleratuko ditu 'Klis-Klasikoak' ekimenak, bereziki haur eta gazte literatura klasikoan diren lanen euskarazko berrargitalpenak eta ''euskaraz modu duin batean kaleratu ez diren lanak''.