Itxi

Literatura

Martxoak 23-27

Gutun Zuriak hainbat leiho irekiko dizkio literaturari

N. V. | EITB Media

Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdiak bere irratia izango du eta joan den urteko edizioa liburu batean berreskuratuko du.

  • Itxaro Borda

    Itxaro Borda da Gutun Zuria jaialdiko gonbidatuetako bat

Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdiaren edizio berri bat egingo dute martxoaren 23tik 27ra, "HEMEN. Non guztiak biltzen dituen lekua” Koldo Izagirreren "Hemendik idazten dugu" poemaren bertso batean oinarritutako izenburupean.

Gutun Zurian hainbat formatuko egingo dute bat. Alde batetik, Azkuna Zentroan hainbat autoreren arteko elkarrizketak izango dira aurrez aurre, bertatik bertara eta on line jarraitzeko moduan.

Bestalde, jaialdiak hainbat bideo pieza prestatu ditu, zenbait gonbidatuk (Alasne Martin, Anjel Lertxundi, Beñat Sarasola, Eneko Aizpurua, Fernando Pérez, Joan Fontcuberta, Glenda León, Iñaki Esteban, Iván de la Nuez, Marco d'Eramo, Mari Luz Esteban, Najat El Hachmi, Txomin Badiola…)  literatura  eta arte sistemaren inguruan egindako gogoeta, hitz eta ezagutzak biltzeko. Martxoaren 16tik aurrera jarriko dituzte ikusgai.

Halaber, 2020ko topaketa aurreikusi bezala egitea ezinezkoa izan zenez, eta Saiakera hemen hasten da liburua bihurtu da 2020ko Gutun Zuria. Antologia horretan, 16 autorek errealitateari buruzko hausnarketak proposatzen dituzte, haien belaunaldi, ideologia eta jatorritik begiratuta.

Programazioa

Gutun Zuria martxoaren 23an hasiko da, “Saiakera hemen hasten da” argitalpenaren aurkezpenarekin. Aurkezpen horren ondoren, Anarik eta Iñigo Astiz kazetari, poeta eta Haur eta Gazteen Literaturako Euskadi Sariaren irabazleak "Inon izatekotan" emanaldia eskainiko dute.

Martxoaren 24an, Miren Agur Meabek eta Olga Novok, Beñat Sarasolak lagunduta, Txikitik idaztea handi-ri buruz hitz egingo dute. Ondoren, Martha Rosler artista iparramerikarraren eta Marcelo Expositoren arteko topaketa izango da, Inma Prietorekin hizketan, Nola iritsi gara hara hemendik? izenburupean.

Martxoaren 25ean, ostegunean, Margaryta Yakovenko kazetari eta idazleak eta Kaouther Adimi idazleak Iñaki Estebanekin hitz egingo dute Bi munduren artean bizitzen, norberaren espazioa aukeratuz topaketan.

Hilaren 25ean bertan, Monica Ojedak, Itxaro Bordak eta Yuri Herrerak, Arrate Hidalgorekin batera, hizkuntza gutxituen hainbat alderdi aztertuko dituzte Hizkuntzak hizkuntzetan, panpina errusiar linguistikoak izenburupean.

Martxoaren 26an, Katixa Agirrek, Eider Rodriguezek eta Aixa de la Cruzek Saiakera eta fikzioaren bidegurutzean izango dute hizpide Haizea Barcenillarekin. Ondoren, Marta Rebon, Alexei Yurchak, Santiago Gerchunoff eta Ivan de la Nuez arituko dira Hemen, Leninen mausoleoan topaketan.

Martxoaren 27an, larunbatean, jaialdiaren azken egunean, Auditorioko jarduera goizean hasiko da, Marta Peirano kazetariaren hitzaldiarekin. Ondoren, arratsaldean, Amets Arzallus eta Ibrahima Balde Goizalde Landabasorekin "Hormak eta zeharkaldiak" izenburupean izango dira elkarrizketan. David Le Bretonek, Lara Morenok, Anna Maria Iglesiak eta Txani Rodriguezek itxiko dute Gutun Zuria, Ibili, elkar topatu, aldendu gaiari buruzko hausnarketarekin.

Sarrerak salgai, 3 euroko prezio orokorrean, Azkuna Zentroaren webgunean.