Publizitatea
Itxi

2021/05/04

11:24

Literatura

20. urteurrena

"Ez zaigu interesatzen ekoizpena handitzea, baizik eta mimoz lan egiten jarraitzea"

Natxo Velez | EITB Media

Astiberri bilbotar argitaletxearen formula indar betean da oraindik: “tebeo onak argitaratu, egileekin ahalik eta harreman onena izan eta ahalik eta irakurle kopuru handienarengana iritsi”.

  • Astiberri

    Javier Zalbidegoitia, Fernando Tarancón, Héloïse Guerrier eta Laureano Domínguez (Astiberri)

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

2001ean hainbat zalek zenbait komiki argitaratu zituzten Bilbotik: Grendel Blanco, Negro y Rojo (Matt Wagner), Mis circunstancias (Lewis Trondheim), El camino de América (Baru) eta Mitologika. El mundo de las brujas liburu ilustratua (Raquel Alzate, Aritza Bergara eta Ricardo del Río).

Hogei urte geroago, Astiberri erreferentzia argia da komikigintzan: 300 egileren 750 komiki baino gehiago argitaratu ditu, sei aldiz irabazi du Espainiako Komiki Saria eta 204 argitalpen eskubide laga ditu hogei herrialde baino gehiagotan.

Hogei urteko bidean arrakasta, ospea eta egileen adiskidetasuna lortu dituen argitaletxearen arduradunekin hitz egin dugu, eta Paco Roca eta Dani Fano egileek gure bitartez zoriondu nahi izan dituzte.

Zorionak hogei urteongatik. Zer sentitzen da atzera begiratu eta argitaletxearen sorrera gogoratzean?

Fernando Tarancón: Bertigoa eta lotsa, hasieran egindako akatsengatik.

Nola aldatu dira helburuak ordudanik?

Fernando Tarancón: Oinarrian, helburuak ez dira aldatu: tebeo onak argitaratu, egileekin ahalik eta harreman onena izan eta ahalik eta irakurle kopuru handienarengana iritsi. Helburu horiek gauzatzeko gure ezaguera eta gaitasuna besterik ez da aldatu.

Nolakoa zen eta noraino iristen zen Astiberri 2001ean eta non dago eta nolakoa da gaur egun?

Fernando Tarancón: Lehen urteetan, argitaletxea “proba-akatsa” sisteman oinarrituta aurrera egiten zuen proiektu itxaropentsua zen, lanerako eta ikasteko borondate oso handia zuena. Iristen zen tokiraino iristen zen, baina irakurle gehiagorengana iritsi nahi zuen.

Oraindik ere akatsak egiten jarraitzen dugu (nahiz eta gutxiago diren uste dugun), eta irakurle eta liburu denda gehiagorengana iristen gara, baina irakurle gehiagorengana eta liburu denda gehiagotara iritsi nahi dugu oraindik.

DANI FANO

-Zer harreman izan duzu Astiberri argitaletxearekin?

Komikiaren mundutar bezala oso aspaldiko harreman dut Astiberrirekin. Xabiroi komiki-aldizkariko koordinatzaile naizenez elkarri jarraitu diogu bi proiektuen garapena.

Behar denerako elkar lagundu, behar denerako elkarrekin eragin. Egile bezala, Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak argitaratu nuen beraiekin 2018an.

Oso modu kooperatiboan ulertzen dute argitaletxe-egile harremana, edizio-hitzarmenetik hasita beste edozein ekimeneraino. Benetan eroso sentitu izan naiz beraiekin liburuaren prozesu guztian zehar.

-Zer opa diezu beren hogeigarren urteurrenean?

Lehenik eta behin, eta gauden garaian gaudela, osasuna. Bestela, ezer gutxi opa behar zaie. Arrakastaren bidean dira aspaldi. Oso langile finak dira eta oso ongi ulertu dute argitaratzailearen eginbeharra zein den.

Beraz, neurekoia izango naiz eta 20. urtebetetze honetan niretzat eskatuko dut oparia. Azken urteotan lan asko euskaratu dituzte eta euskarazko katalogo eder bat osatu dute. Baina denak itzulpenak izan dira. Orain hurrengo pausoa ematea falta: euskaratik sortzea. Jatorrizko bertsioa euskaraz. To erronka, Astiberriko lagun maiteak! Biba zuek!

Nola bihurtu zarete erreferentzia sektoreko erraldoien artean?

Fernando Tarancón: Ez dugu erreferentzia izateko asmorik izan, gure lana ahalik eta ondoren egiten saiatu gara soilik, egileen lana errespetatuz eta irakurleen, liburu denden, kazetarien eta abarren laguntzarekin.

Astiberriren ibilbidean mugarria ezarri duten lau edo bost titulu nabarmen zenitzakete, “komikiekin ohituta ez dauden” irakurleek “Astiberri estiloaren” berri izan dezaten?

Laureano Domínguez: Argitaratzen ditugun lan guztiek zeregin hori betetzea izaten da gure asmoa, baina egia da zenbait lan hobeto iristen direla irakurleengana. Hauek izan litezke adibiderik argienak.

Pilula urdinak. Irakurle askok esan digute komikiak irakurri ohi ez dituztenei oparitzen dieten liburu horietakoa dela.

Zimurrak: Irakurle berriek esan ohi dute ez zutela espero komiki batek horrelako gauzak kontatzea.

Pyongyang. Nahiz eta 2005ean argitaratu genuen, nobedadeen mahaietan egoten da oraindik ere.

El día 3. Komikiek izan dezaketen erabilgarritasun soziala ondoen erakusten duen lanetako bat da.

El día 3, (Miguel Á. Giner Bou, Cristina Durán, Laura Ballester)

Baina nahitaez alde horretatik garrantzi maila berbera duten beste lan batzuk ahaztuko genituzke horrela: Berlín, Las meninas, La balada del norte, Beowulf, El difícil mañana

Kanpotik ikusita, ematen du komikien onarpena aldatu egin dela, oro har. Zerk eragin du aldaketa hori, zuen ustez?

Fernando Tarancón: Bai, pertzepzioa aldatu egin dela uste dugu, seguru asko salmenta kopurua baino gehiago.

Hainbat arrazoi egon dira horretarako: liburu denda jeneralistek komikiaren aldeko apustua egin dute, liburu denda espezializatuak modernizatu egin dira, komikia beste kultur proposamen bat bezala ulertzen duten kultur kazetarien belaunaldi bat iritsi da, ikus-entzunezkoekiko sinergiak daude, jaialdi kopurua hazi egin da, sari nazionala ezarri dute, irakurle oso fidelek eutsi egin diote eta beste asko batu dira, emakume irakurle eta egileen kopurua handitu da… Eta, beste ezeren gainetik, urte hauetan guztietan sortu diren egileen kalitate eta talentua.

Zuen euskarazko eskaintzan, umeentzako komikiak (Uxio, Patti eta inurriak…) daude, euskal gaiekin lotutakoak (Zubigileak, Baleak ikusi ditut, Mitologika…) eta eleberri grafikoak (Emakume guztiok, Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak, Pilula urdinak, Etxea…). Zeren arabera erabakitzen duzue lan bat euskaraz argitaratzea edo ez argitaratzea?

Fernando Tarancón: Bai, komentatu duzuna da, gutxi gorabehera. Umeentzako katalogo osoa edo ia osoa euskaraz argitaratzen saiatuko gara, baita gure errealitatetik hurbilen dauden komikiak eta egile euskaldunek egindakoak ere.

Gainera, apurka-apurka eta ahal den heinean, eleberri grafikoen barruan erreferentziazkotzat jotzen ditugun hainbat lan ere gehitzen joan nahi dugu.

Nola ikusten duzue Astiberritik Euskal Herriko komikigintza?

Fernando Tarancón: Gutxienez, interesgarria, Xabiroi, Txalaparta, Harriet, Tmeo eta beste askoren ekarpenarekin.

Eta, horrez gain, lerro estilistiko oso anitza baina gaitasun izugarria duten emakume zein gizonezko egileen harrobia dago.

Aurrera begiratzen duzuenean, zer etorkizun ikusten diozue Astiberriri?

Héloïse Guerrier: Zaila zaigu etorkizunari aurrea hartzea, faktore eta kontingentzia asko hartu beharko genituzke kontuan.

Gehienez ere, baieztatu dezakegu lanean jarraituko dugula, argitara ditzakegun tebeo onenak argitaratzeko, eta ez dugula interesik gure ekoizpena handitzeko, baizik eta mimoz lanean jarraitzeko.

PACO ROCA

-Zein harreman pertsonal izan duzu Astiberri argitaletxearekin?

Oso estua izan da beti. Niretzat hori oso garrantzitsua da. Pentsatzen jarrita, lanean ari naizen bitartean, denbora gehien komikiei eta argitaletxearekin harremanak izaten erabiltzen dut: sormenaren arloko zalantzak galdetzen, kitapenak, atzerriko argitalpenak, aurkezpenak… Harreman hori adiskidetasunezkoa izatea behar dut, bizitza zoriontsuagoa egiten dit. Denborarekin, editoreak lagun handiak bihurtu dira.

-Zer opa diozu Astiberriri bere hogeigarren urteurrenean?

Argitaletxe gisa hartzen duten tamaina hartzen dutela, ez dezatela galdu egileekin batera osatzen duten espiritua, familia handi batena.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena