Itxi

Literatura

''Gurea falangista zen''

Alberto Barandiaran: "Minak desaktibatzea izan da zailena"

Natxo Velez | EITB Media

"Gurea falangista zen" liburua argitaratu du Alberto Barandiaran kazetari eta idazleak, memoria ariketa eskuzabal, dokumentatu, gogoeta-eragile eta hunkigarria.

  • Alberto Barandiaran

    Alberto Barandiaran

80 urte bete zituenean, amaginarrebak Errepublikaren aurka altxatu eta gerran hil zuten neba zaharrarena izan zen koaderno bat eman zion Alberto Barandiaran (Altsasu, 1964) idazle eta kazetariari.

Lehen pauso horretatik abiatuta, Barandiaranek hari muturrak lotu, isiltasunak hautsi eta Gerra Zibilaren eta gerraostearen gaineko kontakizun dokumentatu eta hunkigarria josi du "Gurea falangista zen" (Susa, 2021) liburuan. Luis Fernandez Arregi zenaren koadernoko gerra ibilerak hamaika iturritako kontakizunekin uztartu ditu Barandiaranek Egia Handien itzaletan gertaturiko egia txiki hauen kontaketan, eta Pablo Amillano Baztan aitona falangistarekin ere egin du topo bide horretan.

Liburuan, zehaztasun handiz eta zintzoki aletzen dira, garaiko kroniketan oinarrituta, nola gerra fronteetan gertatutakoak hala Altsasu bezalako herri bateko sukaldeetan jasotakoak eta horien inguruko galderak. "Inor ez da gurasoek edo aitona-amonek egindakoaz ez errudun ez zordun", noski, Barandiaranek liburuaren azken kapitulu zoragarrian idatzi duenez, baina txalogarria da iraganaren aurrean begiak ez ixteko jarrera bakoitza, oroz gaindi gehiago jakin nahia.

Alberto Barandiaranekin hitz egin dugu.

Noiz eta zergatik aitortu zenion zeure buruari bestek isilpean gorde dutena azaleratzeko baimena?

Egia esanda, inoiz ez diot neure buruari ukatu baimen hori. Nik idazten ditudan istorioak nireak dira, nahiz eta inoren bizitzak edo inori gertatutakoak kontatu.

Nik eta edonork eskubidea daukagu nahi dugunaz idatzi eta hitz egiteko. Ni horretan erradikala naiz. Kontua da batzuetan zure istorioak edo zure hitzek min egin dezaketela, eta hori, jakina, ondo baloratu behar da: noraino iritsi nahi duzun. Kasu honetan, hori izan da zailena: minak desaktibatzea.

Zer sentitu duzu familia askoren ganbaretan ezkutuan zegoena azaleratu duzunean? Irakurleen zer erantzun aurkitu dituzu, liburuak jada bidetxo bat egin duen honetan?

Ezkutuan zegoena azaleratzean, ardura sumatu dut. Baina ardura kontzientea da, eta alde horretatik lasai nago.

Irakurleen erantzunetan, oro har, esker ona topatu dut. Izan dira oso identifikatuta sentitu direnak, haiek ere etxean edo familian horrelako kasuak dituztelako; izan dira liburuaren antolaketa eta idazkera goraipatu dutenak, eta horiek bereziki poztu naute; eta izan dira ezinegona transmititu didatenak ere, eta horien erreakzioa ulertzen dut.

Denetariko erantzunak jasotzen ari naiz, baina, esan bezala, gehienak onak.

'Gurea falangista zen'

'Gurea falangista zen'

Memoriaren lokatzetan sartu eta gero, garbiago irteten da bat?

Ez dakit. Ni zikinduta atera naiz. Baina hori berez ez da txarra.

Askoz erosoago eta garbiago nengoke topatutakoa isildu izan banu, baina, egia esanda, ez naiz asko fidatzen horrelako prozesuetatik garbi eta orbangabe ateratzen direnekin.

Slavenka Drakulic idazleak "Sekula ez liokete euli bati hegalik kenduko" Jugoslavia zena desegiteko gerrako militarren aurkako epaiketei buruzko liburuan egin zuen bezala, gerran parte hartu zutenak gizatiartu egin dituzu, baina ez dituzu inola ere haiek egindakoak zuritu. Zerk eramaten gaitu biktimarioak munstrotzat hartzeko errazkeriara?

Seguru asko, ezjakintasunak. Askoz eraginkorragoa eta egiatiagoa da ulertzea pertsonek, muturreko egoeratan, horrelako erabakiak hartu ahal dituztela, eta hartzen dituztela.

Garrantzitsuena da ulertzea zergatik hartzen diren erabaki horiek, zerk bultzatzen dituen, nola erreakzionatzen duten. Askoz hobeto uler ditzakegu, horrela, errepresioaren eta gatazken mekanismoak, eta, benetan, tresna gehiago eskura ditzakegu horrelakoak saihesteko edo aurreikusteko.

Gerraren ondoren irabazleek ezarri zuten bortxazko isiltasunak zer ondorio izan ditu? Zergatik da, zure hitzetan, "errazagoa artxibo militarretan miatzea etxeko sukaldearen isiltasuna haustea baino"?

Niretako, ondorio oso larriak. Isiltasunak sekretuak ekartzen ditu, eta sekretuek usteldu egiten dute gorde eta kontserbatu nahi den hori.

Eta sekretuak, askotan, eremu intimokoak dira, etxeko sukalde girokoak. Horiek dira hausten zailenak, eta min gehien eragiten dutenak.

Dokumentazio handia dago liburuaren oinarrian. Nolakoa izan zen lan gaitz hori? "Gurea falangista zen" irakurri eta gero, nondik jarraitzeko gomendatuko zenioke 1936ko gerraren inguruan gehiago jakin nahi duenari?

Dokumentazio lan handia dago, bai. Lan honek eskatzen du tema handia, ez etsitzea eta pazientzia.

Ez bakarrik 1936ko gerrarekin, baizik eta kazetaritzan, oro har, zerbait ikertu edo kontatu nahi duen orori esango nioke jarraitzeko intuizioari: zerbaitek interesa duela iritziz gero, kontatu, seguru asko gainerakoentzat ere interesa izango duelako. Eta iturriei fidel izateko: bilatu, konprobatu, egiaztatu.

Luis Fernandez Arregiren fronteko egunerokoan testu epel samarrak irakur daitezke, teknikoak ia, suhartasun politikoz gainezka egoten den epika belikotik oso urrun daudenak. Zeri zor zaio hori, zure ustez?

Nik uste dut Luis Fernandezek ez zuela, hasieran behintzat, kontzientzia handia ulertzeko zer-nolako testuinguru soziopolitikoan zegoen. Oso gaztea zen.

Bestetik, seguru asko zentsura militarra ere egongo zen, frontean zeudelako eta oso garai gogorrak zirelako.

Zer etorkizun opa diozu liburuari?

Jendeak irakur dezala.