Literatura
Argitalpena
Eusko Jaurlaritzak 'Bidegileak' bildumaren sorta berriak aurkeztu ditu
256 bidegileren bizitza, obra eta pentsamenduari buruzko dibulgazio-lanak idatzi eta argitaratu dituzte 64 sortako bilduman.
-
'Bidegileak' bildumaren aurreko argitalpenak. Argazkia: EiTB
Bidegileak bildumaren 62, 63 eta 64 sortak osatu eta argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak. Blanca Urgell Kultura sailburua, Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Jerardo Elortza zuzendaria izan dira aurkezpenean. Horiez gain, aurtengo biografiak osatu dituzten egile gehienak ere bertaratu dira, kultur munduko hainbat gonbidaturekin batera.
Blanca Urgellen arabera, Kultura Sailaren bilduma kuttuna da Bidegileak, “euskaraz idatzita dagoelako, askotan ahanzturan zeuden egileak ilunpetik berreskuratu dituelako eta biografiei kutsu pertsonal eta gizatiarra ematen saiatzen direlako”.
Bidegileak bilduma duela hogeita hiru urte sortu zuen Eusko Jaurlaritzak euskalgintzan aitzindari izan diren pertsonak eta taldeak ezagutarazteko eta omentzeko. Orduz geroztik, urtez urte, biografia berriekin aberastuz eta osatuz joan da bilduma.
Sorta bakoitzean, euskalgintzan garrantzitsuak izan diren 4 pertsonari buruzko liburuxka bana dago. 62. eta 63. sortetan, Joseba Altuna eta Mario Onaindia bizkaitarren, Luis Bandres eta Xabier Lete gipuzkoarren, Bruno Etxenike eta Joxemiel Bidador nafarren, Juan Martin Hiribarren lapurtarraren eta Agosti Xaho zuberotarraren gaineko biografiak topatuko ditugu. 64.ean, berriz, nazioarteko hizkuntzalariak aurkituko ditugu: Antonio Tovar espainiarra, Yuri Zytsar errusiarra, Rudolf P.G. de Rijk herbeheretarra eta Larry Trask estatubatuarra.
Orain arte, 256 bidegileren bizitza, obra eta pentsamenduari buruzko dibulgazio-lanak idatzi eta argitaratu dituzte 64 sortako bilduman.
Sorta bakoitzeko 2.300 ale inprimatuko dira, eta, paperean argitaratzeaz gain, euskara.euskadi.net helbidean ere topatu ahal izango dira.