Itxi

Literatura

Jaialdia

'Munduko poetarik onenak', asteburuan Bilbon

Cristina Peri Rossi, Manuel Rivas, Bernardo Atxaga, Douglas Dunn eta Jack Hirschman, besteak beste, bederatzi orduko emanaldi batean izango dira eta hiriko hainbat gunetan arituko dira.

00:36
Nazioarteko olerkigileen bilgune izango da Bilbo, Donostia eta Gastei

"Munduko poetarik onenak" Bilbon izango dira asteburuan, Askoren Izenean: Pido la Paz y la Palabra jaialdian. Gainera, ostegunean eta ostiralean, hainbat ekitaldi izango dira Gasteizen eta Donostian. Mikel Toral Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sustapenerako zuzendariak eta Jose Fernandez de la Sota poetak gaur kazetarien aurrean esan dutenez, 2012 Euskadi, Bake eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtea ekimenaren baitan dago ekitaldia.

Blas de Otero poeta bilbotarraren bi liburutatik hartu dute jaialdiaren izena; Fernandez de la Sotaren esanetan, "Espainiako gerra zibilaren ondorioak gainditu gabe zeudenean, bakea eta hitza eskatu zituen, eta hori da orain guk egiten duguna". "Blas de Oterok bakea eta hitza eskatu zituen 1955ean, eta 2012ko Euskadin hori eskatzeko ordua heldu zaigu, bakea edukitzeko eta hitza eman diezaguten", azaldu du poetak. Halaber, Euskadi "denbora luzez izan da isilean", esan du, "berunezko isiltasunean".

"Jaialdi kulturala baino gehiago" da, poetaren ustez: "Poesian zentzuz beterik daude hitzak, eta poema bakoitzak beharrezko hitzak ditu, ez bat gutxiago ezta bat gehiago ere". Horregatik, poesia "zerbait gutxiago da, baina baita zerbait gehiago ere".

Ostegunean eta ostiralean hasiko da jaialdia, Gasteizen eta Donostian. Poesia emanaldiak eta musikaz lagundutako poema irakurraldiak izango dira, bai espazio itxietan baita ezohiko lekuetan (tranbia barruan eta garraioetako geltokietan) ere. Ekitaldi nagusiak Bilbon izango dira, asteburuan.

Larunbatean, bederatzi orduko poesia emanaldi bat izango da Euskalduna Jauregian, eta Cristina Peri Rossik, Manuel Rivasek, Bernardo Atxagak, Douglas Dunnek eta Jack Hirschmanek hartuko dute parte, besteak beste. Aldi berean, areto bereko beste gela batzuetan, Imanol Arias, Juan Echanove, Aitana Sánchez-Gijón eta Mario Gas izango dira, besteak beste, Kepa Junkeraren eta beste hainbat musikariren laguntzarekin.

Kirmen Uribe idazle eta poetaren txanda izango da gero. Wim Wertens piano-jotzailearekin batera izango da, emanaldi horretarako bereziki sortu duten lana erakusten. Igandean "jai giroa" izango da nagusi jaialdian, eta kalera irtengo dira: Casilda Iturrizar parkean hainbat emanaldi izango dira, aurreko jardunaldian izandako artistekin.