Itxi

Literatura

Jaialdia

Poesia hotsak Euskadin

Nazioarteko hainbat poeta izango dira Bilbon, Gasteizen eta Donostian, 'Askoren izenean: Pido la paz y la palabra' jaialdian parte hartzeko.

01:23
'Askoren izenean' jaialdian, Kirmen Uribe eta Wim Mertens elkarrekin

"Munduko poetarik onenak" Bilbon izango dira asteburuan, Askoren Izenean: Pido la Paz y la Palabra jaialdian. Hainbat ekitaldi izango dira Gasteizen eta Donostian motorrak berotzeko. 2012 Euskadi, Bake eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtea ekimenaren baitan dago ekitaldia.

Kirmen Uribe Wim Wertens piano-jotzailearekin batera izango da, emanaldi horretarako bereziki sortu duten lana erakusten. Donostian Werewere Liking, Natalia Toledo, Chiranan Pitpreecha eta Karen Connellyren errezitaldi poetikoak izango dira. Gasteizen hainbat eszenagune ezberdinetan eta Ignacio Aldecoa Kultur Etxean Alvaro Miranda, Gabriel Jaime Franco eta Antonio Telloren errezitaldia izango da. Gasteizko tranbian, Angulemako geltokian, musika eta poesía elkartuko dira errezitaldi bereziak eskaintzeko, bai geltokian baita garraiobide honen bagoietan ere.

Blas de Otero poeta bilbotarraren bi liburutatik hartu dute jaialdiaren izena; Fernandez de la Sotaren esanetan, "Espainiako gerra zibilaren ondorioak gainditu gabe zeudenean, bakea eta hitza eskatu zituen, eta hori da orain guk egiten duguna". "Blas de Oterok bakea eta hitza eskatu zituen 1955ean, eta 2012ko Euskadin hori eskatzeko ordua heldu zaigu, bakea edukitzeko eta hitza eman diezaguten", azaldu du poetak. Halaber, Euskadi "denbora luzez izan da isilean", esan du, "berunezko isiltasunean".

"Jaialdi kulturala baino gehiago" da, poetaren ustez: "Poesian zentzuz beterik daude hitzak, eta poema bakoitzak beharrezko hitzak ditu, ez bat gutxiago ezta bat gehiago ere". Horregatik, poesia "zerbait gutxiago da, baina baita zerbait gehiago ere".

Ostegunean eta ostiralean hasiko da jaialdia, Gasteizen eta Donostian. Poesia emanaldiak eta musikaz lagundutako poema irakurraldiak izango dira, bai espazio itxietan baita ezohiko lekuetan (tranbia barruan eta garraioetako geltokietan) ere. Ekitaldi nagusiak Bilbon izango dira, asteburuan.

Larunbatean, bederatzi orduko poesia emanaldi bat izango da Euskalduna Jauregian, eta Cristina Peri Rossik, Manuel Rivasek, Bernardo Atxagak, Douglas Dunnek eta Jack Hirschmanek hartuko dute parte, besteak beste. Aldi berean, areto bereko beste gela batzuetan, Imanol Arias, Juan Echanove, Aitana Sánchez-Gijón eta Mario Gas izango dira, besteak beste, Kepa Junkeraren eta beste hainbat musikariren laguntzarekin.

Igandean "jai giroa" izango da nagusi jaialdian, eta kalera irtengo dira: Casilda Iturrizar parkean hainbat emanaldi izango dira, aurreko jardunaldian izandako artistekin.