Literatura
Sariak
Nafarroako liburu dendek "14 de abril", "Poema liburu bat" eta "¡Ugh!" liburuak saritu dituzte
N. V. | EITB Media
Paco Cerdaren saiakera, Angel Erroren poema bilduma eta Rafael Yockteng perutarraren eta Jairo Buitrago kolonbiarraren lan ilustratuak jaso dituzte Diego de Haro Nafarroako Liburu Denden Elkarteak iragan urtean kaleratutako lanei ematen dien saria.
-
Angel Erro, "Poema liburu bat" lanaren idazlea
Nafarroako liburu dendek joan den urteko liburu interesgarrienak aukeratu dituzte: "14 de abril" Paco Cerdaren saiakera (Libros del Asteroide) gaztelaniazko atalean, "Poema liburu bat" Angel Erroren poemarioa (Erein) euskarazko liburuen artean eta "¡Ugh!, un relato del Pleistoceno" (Ekaré) Rafael Yockteng eta Jairo Buitragoren lana ilustrazioaren sailean.
Mina eta atsegina dira Angel Erroren (Burlata, 1978) poema bildumaren ardatzak; liburu denden elkartearen hitzetan, "hainbat garaitan idatzitako poesiak eta gai desberdinei buruzkoak" biltzen ditu lanak, eta "antologiatzat har daiteke".
"14 de abril" Paco Cerda valentziarraren saiakerak ahotsa ematen die "naturaltasunez, freskotasunez eta hunkitzeko gaitasunez", sari-emaileen azalpenen arabera, Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zen egunean ahaztuta gelditu zirenei.
"¡Ugh!, un relato del Pleistoceno" album ilustratu bitxiaren protagonistak historiaurreko klan bateko kideak dira, datorren negu gordina igarotzeko aterpe baten bila egiten duten bidaia arriskutsuan.