Literatura
Kanpo sustapena
Euskal literatura lanen laginak ingeles eta frantsesez, itzulpen eta ikusgarritasun bila
N. V. | EITB Media
Etxepare Euskal Institutuak basquebooks.eus webgunea aurkeztu du, "euskarazko literatura itzul dadin sustatzeko". Euskarazko literatura lanen laginak biltzen ditu.
Etxepare Euskal Institutuak basquebook.eus, "euskarazko literatura nazioartean zabaldu eta beste hizkuntzetara itzul dadin sustatzeko tresna" bat, aurkeztu du gaur, Donostian.
Webgunea ingelesez dago, eta egungo euskarazko literaturaren laginak biltzen ditu bi helbururekin: "euskal idazle, editore eta literatura-agenteei laguntzea euskarazko literatura-lanen atzerrirako itzulpen eta argitalpen eskubideen salmentan" eta "nazioarteko publikoari egungo euskarazko literaturaren argazkia eskaintzea".
Ingelesera edo frantsesera itzuli ez diren euskarazko literatura lanen pasarte edo zatiak eskaintzen ditu atariak hizkuntza horietan.
Atarian jasotako liburuak fikzioa eta ez-fikzioa kategorietan sailkatzen dira, baita beste hainbat azpikategoriatan ere, hala nola, haur eta gazte literatura, poesia, eleberria eta saiakera.
Liburu bakoitzaren fitxak liburuari eta egileari buruzko informazioa ematen du ingelesez, deskarga daitekeen lagin bat (pasarteak, zatiak, poemak, etab.) du ingelesez eta/edo frantsesez, argitalpen-eskubideetarako kontaktua jasotzen du, eta informazio osagarria (argitaletxea, orrialde-kopurua edo ISBN) eskaintzen du.
Tresna hau pieza bat da euskarazko literaturaren nazioarteko ikusgarritasuna eta proiekzioa sustatzeko Etxepare Institutuak duen estrategian: itzulpengintzarako dirulaguntzak (lan osoen itzulpena eta literatura-laginen itzulpenak), euskal idazleak beren lanak kanpoan erakusteko gonbidatzen dituztenean mugikortasun gastuak estaltzeko laguntzak, euskal idazleak beren programazioetan parte har dezaten nazioarteko jaialdiekin eta ekitaldiekin Etxeparek egiten dituen akordioak eta urtero ematen den Etxepare - Laboral Kutxa Itzulpen Sariak.