Itxi

Literatura

HERIOTZA

Mario Vargas Llosa Literaturaren Nobel sariduna hil da, 89 urterekin

Agentziak | EITB MEDIA

Idazle perutar-espainiarraren senideek iragarri dutenez, ez da zeremonia publikorik egingo idazlearen omenez, eta "familia eta gertuko lagunekin agurtzeko espazioa eta pribatutasuna izatea" espero dute.

1:12
Mario Vargas Llosa. Argazkia: Europa Press.

Mario Vargas Llosa idazlea, 2010eko Literaturako Nobel sariaren irabazlea, hil da, 89 urte zituela, Lima Peruko hiriburuan, familiak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

"Alde egiteak senideak, lagunak eta irakurleak munduan zehar atsekabetu ditu, baina espero dugu kontsolamendua aurkitzea, guk bezala, bizitza luzea, anitza eta emankorra izan zuelako, eta atzean bizirik iraungo dion obra bat utzi duelako", adierazi dute Alvaro, Gonzalo eta Morgana Vargas Llosa seme-alabek.

Haren senideek iragarri dutenez, ez da zeremonia publikorik egingo idazlearen omenez, eta "familia eta gertuko lagunekin agurtzeko espazioa eta pribatutasuna izatea" espero dute.

Vargas Llosa 1936ko martxoan jaio zen Arequipan (Peru), eta espainiar nazionalitatea du 1993tik, eta dominikarra, 2022tik. Azken hilabeteetan, agerpen publiko gutxiago egin ditu.

Euskaraz, Pantaleon eta bisitariak eleberria dago irakurgai, Santi Leonek 2011n itzulia. Latinoamerikako idazleen boomaren ordezkariak (Julio Cortazar, Gabriel Garcia Marquez eta Carlos Fuentes izan zituen lagun, besteak beste) La ciudad y los perros (1963), Conversación en La Catedral (1969), La guerra del fin del mundo (1981), La fiesta del chivo (2000) eta Le dedico mi silencio (2023) eleberriak idatzi zituen, besteak beste.

Bere ibilbde luzean, hainbat eta hainbat sari jaso zituen Vargas Llosak, hala nola Literaturaren Nobel saria (2010), Romulo Gallegos saria (1967), Asturiasko Printzearen Literatura saria (1986) eta Cervantes saria (1994).