Itxi

Literatura

LIBURU AURKEZPENA

Paloma San Basiliok "Uxoa, el secreto del valle" aurkeztu du, Baztanen girotu duen eleberri berria

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Artista madrildarrak Iruñean aurkeztu duen eleberriak galerei, doluari eta bizitzan aurrera egiten saiatzeari buruzko hausnarketa egiten du. "Ez da autobiografikoa, baina galera baten eta berreraikuntza baten istorioa da", azaldu du idazleak.

  • San Basilioren liburuaren azala. Argazkia: EFE

    San Basilioren liburuaren azala. Argazkia: EFE

Paloma San Basilio abeslari, aktore, margolari eta idazleak Uxoa, el secreto del valle bere bigarren eleberria aurkeztu du Iruñean. Izan ere, Nafarroan girotu du bere azken lana, Baztanen zehazki. 25 urte baino gehiago dira Baztanen baserri bat duela, eta inguru horrekin "maiteminduta" dagoela aitortu du.

Uxoa, el secreto del valle (HarperCollins, 2025) maitasun eta misteriozko istorioa da, orainaren, XVI. mendearen eta XVIII.aren artean gertatzen da, eta Baztandik Tibetera (Txina) eta Cadiztik Callaora (Peru) eramaten du irakurlea.

Artista madrildarrak Iruñean aurkeztu duen eleberriak galerei, doluari eta bizitzan aurrera egiten saiatzeari buruzko hausnarketa egiten du. "Ez da autobiografikoa, baina galera baten eta berreraikuntza baten istorioa da", azaldu du idazleak.

San Basiliok Agararen istorioa kontatzen du liburuan. Ahizpa nagusiaren heriotzaren ondoren, Madrilgo Chamberi auzoko familiaren etxea utzi eta Baztanean oinordetzan hartutako Uxoa baserrian babestuko da protagonista.

Paloma San Basilio bere liburuaren aurkezpenean. Argazkia: EFE

Paloma San Basilio, bere liburuaren aurkezpenean. Argazkia: EFE

Han, bere onera itzultzen saiatuko da, eta gero eta lasaigo sentitzen denean, bere jatorriari buruz ikertzeko gogoa sartuko zaio, Uxoa baserria nola iritsi zen bere familiara jakitekoa, alegia.

Gutxinaka-gutxinaka, haranak bere egingo du, baita bere misterioek ere, eta ikerketa hasiko du bizilagunen artean zein Arizkungo parrokian.

XVIII. mendean garatzen da istorioaren zati bat, "Ameriketarako migrazio handia egon zen garaian. Eta hor dago istorio honen gakoa, migrazio horren inguruko istorioa baita protagonista bila dabilena argitzeko behar duena", kontatu du San Basiliok.

Artista ezagunak Baztanekin "maiteminduta" dagoela ere aitortu du aurkezpenean. "Nik inguru hau asko ezagutzen du, maite dut, eta hemengoa ez naizen arren, lagun baten bidez ezagutu nuen eta maitemindu egin nintzen". Baserri bat aurkitu eta erosten amaitu zuen, eta baserri hori bera da liburuaren azalean agertzen dena.