Musika
2013an estreinatuko dute
EITBk Bizkaiko 90eko hamarkadako rocka berreskuratzen lagunduko du
Erredakzioa
"160 metros: una historia del rock en Bizkaia" dokumentalak Bilboko Itsasadarraren bi aldeen eraldaketa deskribatzen du, rock musikaren ikuspuntutik. EITBk irudiak emango ditu.
160 metros: una historia del rock en Bizkaia ikus-entzunezko lanak Bilboko itsasadarraren bi aldeen eraldaketa deskribatzen du, rock musikaren ikuspuntutik.
Alvaro Fierrok (Mondo Sonoro, Ruta 66) eta Joseba Gorordok (La Otxoa, sin complejos; Zu Zara Nagusia) zuzendua eta StereoZona web telebistaren laguntzarekin, crowdfunding bitartez finantzatzen ari dira proiektua, eta 2013an estreinatu nahi dute. EITBk 80eko eta 90eko hamarkadetako aldaketa sozialaren irudiak emango ditu, dokumentala osatzeko. Lehenengo kapitulua (bost kapitulu egingo dituzte) ETBn eta eitb.com-en eskainiko dute.
Dokumentalaren izenburuak Itsasadarraren bi aldeak banantzen dituen distantziari egiten dio erreferentzia, eta Zubi Esekiaren begiradapean izan diren aldaketa soziologiko eta ekonomikoak eragin dituzten desberdintasunak deskribatzen ditu. Bi rock mugimendu: punk estilo handiagokoa ezkerraldean (Eskorbuto, Parabellum, Zarama...) eta Getxo Sound izenarekin ezagutu zena eskuinaldean (El Inquilino Comunista, Los Clavos, Lord Sickness...).
Proiektu irekia da, eta herritarrak eta erakundeak parte hartzera gonbidatu dituzte. 20 egun besterik ez da gelditzen crowdfunding kanpaina bukatzeko, eta behar duten diruaren erdia bildu dute. Kolaboratzen dutenak ordainsaria izango dute kredituetan (kredituetan agertu, pelikularen HDko kopia, estreinaldirako gonbidapena...).