Itxi

Musika

Laguntzak

'Irudimena' Donostiako Orfeoiaren laguntzen jetsierari aurre egiteko

Azken bost urteotan, laguntza publikoak %50ean murriztu dizkietela salatu dute. 2012an 24 kontzertu eskaini zituzten, beste urte batzuetan 35 eta 40 emanaldi inguru izan dituztenean.

  • Donostiako Orfeoia. Argazkia: EITB

    Donostiako Orfeoia. Argazkia: EITB

Donostiako Orfeoiak 20 kontzertu ditu itxita hasi berri den urterako eta egoera ekonomikoarekin "irudimenarekin, buelta emateko" borondatea dutela esan dute. Azken bost urteotan, laguntza publikoak %50ean murriztu dizkietela salatu dute, gainera.

"Kultura ari da krisialdiaren pekatuak ordaintzen" esan du Jose Maria Echarri euskal koroaren presidenteak.

Parisen kontzertu berri bat eskainiko dute, Salle Pleyelen, Tugan Sokhieven zuzendaritzapean. Berlineko Filarmonikarekin batera, Fauréren Requiema interpretatuko dute, ekainaren 29an, Madrilgo Auditorio Nazionalean. Horiek dira orfeoiaren egutegian ageri diren emanaldietako batzuk. Gainera, Monakoko Orkestra Filarmonikoarekin eta Londreseko Filarmonikarekin kolaborazioak egingo dituztela aurreratu dute. Frantziako Toulousen ere izango dira, Halle aux Grainsen, otsailaren 8an eta ekainaren 22an.

Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen izango dira Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera eta Donostiako Musika Hamabostaldian izango dira abuztuaren 28an, Scottish Chamber Orchestrarekin batera. Hilaren 31an Galiziako Sinfonikoarekin izango dira, Victor Pablo Perezen zuzendaritzapean.

2012 urte "ezohikoa" izan dela esan du Echarrik, 24 kontzertu eskaini baitituzte bakarrik eta "inflexio puntua" izatea espero du, aurreko urteetan 35 eta 40 emanaldi eskaini baitituzte. 2007tik laguntza publikoen murrizketa handia izan dutela adierazi du eta koroaren "kudeaketan" eragina izan  omen du.

Orfeoiaren zuzendariek esan dutenez, egoera larria da koroa kontratatzen dutenentzat, gero eta kontzertu sinfoniko gutxiagoetan parte hartuko baitute. 2007an 31 izan ziren eta iaz, 15.