Itxi

Musika

Kontzertuak

Izar handiak, udako musika jaialdietan

L.Z.

Erredakzioa

Alicante Spring Festival jaialdiarekin abiatuko da udako musika denboraldia, eta hurrengo hilabeteetan, besteak beste, Primavera Sound, Sonar, Azkena Rock, Bilbao BBK Live eta FIB iritsiko dira.

Martxotik aurrera, ez da musika jaialdirik faltako Espainiako Estatuan. Alicante Spring Festival jaialdiarekin abiatuko da udako musika denboraldia, eta hurrengo hilabeteetan, besteak beste, Primavera Sound, Sonar, Azkena Rock, Bilbao BBK Live eta FIB iritsiko dira.

Martxoaren 23an egingo da Alicante Spring Festival, Elxen. Lori Meyers, Yall, Triangulo de Amor Bizarro, Tisu Fernandez, Gonzalo Menoyo... arituko dira han.

Apirilaren 20an Ecolunar jaialdia hartuko du Bilbok, Dorian, Facto Delafé y las Flores Azules, Belako eta Miss Caffeina taldeen kontzertuekin.

Viña Rock euskal musikaren agertoki bihurtuko da maiatzean, Fermin Muguruzaren, Soziedad Alkoholikaren, El Drogasen eta Berri Txarraken musika lagun duela. Murtziatik ere hainbat musikari ezagun pasatuko dira maiatzean, M83, The XX, Citizen, Grises, Javiera Mena... egongo baitira SOS 4.8 jaialdian. Gainera, Bartzelona Primavera Sound jaialdiaren lekuko izango da. Hilaren 22tik 26ra bitartean The Vaccines, Delorean, Anima Collective, Grizzly Bear, Blur, The Knife, Fiona Apple, Nick Cave & The Bad Seeds, My Bloody Valentine, Band Of Horses, Hot Chip, Crystal Castles eta beste hainbat talderen musika entzungo da Kataluniako hiriburuan. Bukatzeko, hilabete amaieran, Sonisphere jaialdiak doinu gogorragoak eramango ditu Madrilera. Egun bat geroago, ekainaren 1ean, Bartzelonara helduko da Sonisphere. Iron Maiden, Danzing, Avantasia eta Ghost dira orain arte baieztatutako taldeetako batzuk.

Udaberriko azken jaialdia Bartzelonan egingo da, ekainaren 13an, 14an eta 15ean. Sonarren eskutik, Skrillex, Two Door Cinema Club eta Pet Shop Boys taldeen kontzertuak egongo dira bertan.

Azkena Rock Festival ekaineko azken asteburuan egingo da aurten. The Smashing Pumpkins eta The Black Crowes dira edizio honetako kartelburuak, baina kontzertu gehiago ere iragarri dituzte: Gov't Mule, Rocket From, The Crypt, Modest Mouse, Alberta Cross, M-Clan eta The Sword. EH Zuzenean Garroko Gazteluan (Lekorne) egingo da aurten, baina han arituko diren taldeen izenak ez dituzte iragarri.

Uztaileko lehen geldialdia ere, Euskal Herrian egingo dugu. Izan ere, uztailaren 11tik 13ra Bilbao BBK Live jaialdiak Kobetamendi beteko du. Indartsu dator aurten BBK Live; Green Day, Depeche Mode, Kings of Leon, Editors, Fatboy Slim, The Hives, Biffly Clryo, We Are Standard eta beste hainbat talde eta artista arituko dira egun horietan, Bilbon.

Kobetamendik ateak itxi eta Benicassimek hartuko du lekukoa. FIB jaialdiak izar garrantzitsuen bisita jasoko du uztailaren 18tik 21era bitartean: Arctic Monkeys, The Killers, Queens of The Stone Age, Azelia Banks, Kaiser Chiefs... Egun horietan, Biarritzen Big Festival jaialdia izango da protagonista. Orain arte Neil Young & Crazy Horsen bisita baieztatu dute.

Contempopranea jaialdiaren eskutik, indie musikaz jantziko da, uztailaren 19an eta 20an, Alburquerque (Badajoz). Besteak beste, Supersubmarina, Corizonas, Second, Hola a todo el mundo eta Tachenko igoko dira taula gainera.

Uztaileko jaialdiekin bukatzeko, aipatu beharra dago Low Costetik (Benidorm) Belle and Sebastian, Crystal Castles, Delorentos, Fangoria, Los Eenemigos, Love of Lesbian, Delorean, Mendetz, Polloc... igaroko direla.

Abuzturako hiru jaialdi antolatu dituzte. Santander Music Festival abuztuaren 1etik 3ra bitartean egingo da, Kantabriako hiriburuan. Keane, Dorian, L.A. dira orain arte baieztatutako taldeetako batzuk.

Arenal Sound egun berdinean hasiko da, baina abuztuaren 4ra arte luzatuko da. Burrianan (Castello), Editors, Steve Aoki, White Lies, Ivan Ferreiro, The Sound of Arrows, The Zombie Kids eta beste talde asko arituko dira.

Amaitzeko, Sonorama Ribera jaialdia aipatuko dugu. Aranda de Duerok (Burgos) Belle & Sebastian, Supersubmarina, Lori Meyers, Havalina, The Last Internationale, McEnroe eta Capsula taldeen zuzenekoak hartuko ditu, abuztuaren 15ean, 16an eta 17an.