Musika
Donostia
Ediziorik arrakastatsuena itxi du Jazzaldiak
Erredakzioa
2013ko edizioan, ikusleen errekorra hautsi du Jazzaldiak eta 2008ko 150.000 ikusleren marka gainditu du.
-
Jamie Cullum, Zurriolako kontzertuan eskaini zuen kontzertuan. Argazkia: EFE
Donostiako Jazzaldiak 155.000 ikusle baino gehiago izan ditu aurten eta, Miguel Martin jaialdiaren edizioaren aburuz, 48. edizioa "onenetakoa" izan da. Ikuskizunik esanguratsuenetako bat John Zornen Masada Marathon izenekoa izan da, Martinek azaldu duenaren arabera.
Martinek Jazzaldiaren 48. edizioaren balantzea egin du, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearekin eta Nerea Txapartegi kultura arduradunarekin batera. Gainera, datorren urteko datak iragarri dituzte: uztailaren 23tik 27ra.
Ikusle kopurua 155.434koa izan da, eta hala, errekor berria ezarri du jaialdiak, 2008ko 150.000 ikusleak gaindituta. Gainera, iazko kopuruarekin alderatuta, %30 hazi da zifra hori, 2012an 122.000 izan baitziren.
Jazzaldiaren arduradunak adierazi duenez, aurtengo edizioa jaialdiaren historiako "onena" izendatua izan da "behin baino gehiagotan". "Emaitza artistikoa bikaina izan da", azaldu du Martinek.
Jamie Cullumen, Elvis Costelloren, Belle Sebastian eta !!! taldeen kontzertuak nabarmendu ditu Martinek eta Zurriolako hondartzan agertokian ikuskizunak goraipatu ditu.
Horrez gain, Lee Konitz eta Pharoah Sanders saxo-jotzaileen lana, Diana Krall artista handiaren kontzertua eta Trinitate plazako ikusleak konkistatu zituen Hiromi piano-jotzaile japoniarraren emanaldia ere bikainak izan direla esan du zuzendariak.