Itxi

Musika

74. edizioa

'Romeo eta Julieta' balletak emango dio hasiera Musika Hamabostaldiari

Erredakzioa

Iazko edizioan, dantzak ez zuen egitarauan tarterik izan eta, aurten, Biarritzeko Malandain konpainiak ekarriko du Hector Berliozen 'Romeo eta Julieta' lanaren moldaketa ekarriko du.

  • Donostiako Musika Hamabostaldiaren lehen egunaren aurkezpena. Argazkia: EFE

    Donostiako Musika Hamabostaldiaren lehen egunaren aurkezpena. Argazkia: EFE

Biarritzeko Malandain konpainiak Hector Berliozen Romeo eta Julieta lanaren moldaketarekin irekiko du aurtengo Musika Hamabostaldia. Ikuskizuna abuztuaren 1ean, Victoria Eugenia Antzokian, eskainiko dute eta koreografia Thierry Malandainena izango da.

William Shakespeareren obra Musika Hamabostaldian dagoen bigarren aldia da. Duela bi urte, Sergei Prokofieven musikarekin eskaini zuten ikuskizuna eta, ostegunean, Biarritzeko balletak Berliozenarekin egingo du.

Ekoizpena 2010ean, Biarritzeko Maitaldia dantza jaialdian estreinatu zuten, eta opera eta kantata uztartzen dituen zortzi zatitan banatutako Romeo eta Julieta obraren moldaketa moderno bat da.

Lehen eguneko ekitaldi nagusiaz gain, hiriko hainbat agertokitan eskainiko diren beste hainbat ekitaldi izango dira, Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariak azaldu duenez.

Proposamen horien artean dira Musika Bai! taldeko umeena. Ikuskizuna Donostiako Boulevardean eskainiko dute.

Musikeneko ikasleek osatutako Adsax saxofoi laukotea Gipuzkoa plazan eta Alderdi Ederren arituko da. Orereta Abesbatzak, berriz, Udaletxean emango du ekitaldia eta Mendelssohn, Caccini eta Josu Elberdin artisten obrak eskainiko dituzte.

San Vicente elizan, Errenteriako Landarbaso abesbatzak urez betetako 40 koparekin musika ekitaldia eskainiko du. Eskainiko duten egitaraua konposatzaile garaikideen obrekin osatuko dute.

Horrez gain, Kukai dantza taldeak Jorge Oteizari omenaldia egingo dio, Paseo Berrian dagoen artistaren lanaren ondoan. Donostiako Orfeoiaren egoitzan, berriz, Ahozko Teknikaren Txapelketaren 3. edizioari amaiera emateko kontzertua izango da.

Lehenengo egunean ere, Hamabostaldi Solidarioa sailean, hiru ikuskizun eskainiko dituzte Voce Giovanni eta In Noctem taldeek, Villa Sacramento, Berra eta Aldakonea adinekoen egoitzetan.