Musika
Jardunaldiak
Mikel Laboari buruzko jardunaldiak, martxan
Laboaren gertuko artista eta aztertzaileek tartea izango dute bertan, abiapuntu ugari erabiliz hausnarketa estetiko propioak egingo baitituzte.
-
Mikel Laboa katedraren aurkezpena. Argazkia: EITB
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen bidez bultzatutako Mikel Laboa Katedrak Mikel Laboaren inguruko jardunaldiak egingo dituzte, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, EHUk jakinarazi duenez.
Mikel Laboaren ibilbide estetiko berritzailea argitara emateko asmoz antolatutako jardunaldiak asteartetik ostegunera izango dira, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Laboaren gertuko artista eta aztertzaileek tartea izango dute bertan, abiapuntu ugari erabiliz hausnarketa estetiko propioak egingo baitituzte.
Horrela, asteartean, urriaren 15ean, Bernardo Atxaga, Anari eta Ruper Ordorika arituko dira; asteazkenean, hilaren 16an, Lourdes Otaegi Imaz, Juan Gorostidi, Arantza Iturbe, Mari Sol Bastida eta Xabier Montoiaren txanda izango da; eta ostegunean, urriaren 17an, jardunaldiak bukatzeko, Denis Labordek hitzaldia eskainiko du eta Koldobika Jauregi, Josetxo Silguero eta Iñaki Salvadorren arteko solasaldia izango da. Beñat Axiariren ahotik jasoko da itxierako doinua.
Halaber, musika instalazio bat prestatu dute gaurtik azaroaren 23ra bitartean, Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbaran, eta Mikel Laboaren musikak zati handia hartuko du bertan. Haren ahotsaz gozatzeko aukera ugari eskaini nahi dituzte instalazioan: esperientzia plastikoak, haren lagun eta lankideek diskoetarako sortu zituzten portadak, izango dira espazio horren inguruan, esperientzia berriei lekua eginez.