Musika
Elkarrizketa
Ara Malikian: 'Musikak sentsibilizatu eta batu egiten gaitu'
A.A.
Musikari libanoarraren ustez, "jarrera solemne eta handiusteak zale asko urrundu ditu, musika klasikoaz asko gozatu zezaketen asko. Musika klasikoak, beraz, berriro adiskidetu behar du".
-
Ara Malikian musikaria. Argazkia: EiTB
Ara Malikian biolin-jotzaile libanoarra kontzertu bira bat egiten ari da egun hauetan Kepa Junkerarekin batera. "Un viaje en el tiempo" izenburua duen proposamena bi musikarien arteko "elkarrizketa bat da", Malikianen esanetan.
"Nire bizitza guztiak biolinarekin harremana du. Ez diot hitz egiten, ezta berarekin lo egiten ere, baina nire lanerako instrumentua da", esan du Ara Malikian biolinistak ETB2ko "Entrada Libre" saioan.
Musikariaren aburuz, musikak eta arteak sentsibilizatzeko balio dute: "Gure musikak gure erroekin zerikusia dute, baina elkarrizketa pertsonen artean egin behar da, eta musika beti ulertzen da. Arteak eta musikak sentsibilizatu eta batu egiten gaituzte. Estatuburuak artistak balira, askoz hobeto ulertuko genuke elkar".
Egiten duen interpretazio berritzaileagatik ere da ezaguna Malikian: "Jotzen dudanean mugitzeagatik errieta egiten zidaten beti, baina nik ez nuen ulertzen, musika gorputzean sartzen zaizulako eta mugitu egiten zaituelako, emozionatu egiten zaitu. Ez dut koreografia bat egiten, musikak mugitzen nau".
Biolin-jotzailearen aburuz, "jarrera solemne eta handiusteak zale asko urrundu ditu, musika klasikoaz asko gozatu zezaketen asko. Musika klasikoak, beraz, berriro adiskidetu behar du".
Horrez gain, Libanoko musikariak zorte handia duela uste du: "Gauza bera egiten jarraitu nahi dut. Gustuko duzuna egiten bizitzea amets bat da, eta jotzen, bidaiatzen, lagunekin topatzen eta biolina jotzen hazten jarraitu nahi dut".