Musika
Argitalpena
The Beatlesen hainbat kantu berri argitaratu dituzte bilduma batean
Laukote mitikoaren hainbat emanaldi argitaratu dituzte, CD eta LP bikoitz formatuan. 60ko hamarkadan grabatu zituzten Britainia Handiko BBC katearentzat, eta argitaratu gabe zeuden orain arte.
The Beatles laukotearen CD eta LP bikoitz formatuko bilduma berri bat kaleratu dute: tartean, orain arte argitaratu gabe zeuden emanaldiak biltzen ditu, eta 60ko hamarkadan BBC katean zuzenean grabatu zituztenak. On Air - Live at the BBC Volume 2 diskoak 63 abesti jasotzen ditu, eta CD eta binilo bikoitz formatuan kaleratu dute, 48 orrialdeko liburu batekin batera.
Lanak 37 emanaldi jasotzen ditu, taldearen lehen arrakastak eta orain arte argitaratu gabe zeuden hainbat bertsio tartean. Gainera, taldekideen arteko elkarrizketak eta txantxak jaso dituzte 23 grabaziotan, 1963 eta 1964 artean. On Air diskoko hamar kantu ez ziren bere garaian argitaratu EMI diskoetxearekin, eta bi ez zituzten euren diskoetxearekin erregistratu: 'Beautiful Dreamer' abestiaren bertsioa eta Chuck Berryren 'I'm Talking About You' kantuaren moldaketa.
1994an On Air - Live at the BBC diskoaren bigarren zatia da orain argitaratu dutena (lehen zatiak salmenta zerrendetako lehen postua eskuratu zuen). Gainera, 1994an kaleratutako hainbat kanturen bertsioak jaso dituzte bertan, tartean Little Richarden 'Lucille', Chuck Berryren 'Menphis, Tennessee', Chan Romeroren 'The Hippy Hippy Shake', Ray Charlesen 'I Got a Woman' eta Carl Perkinsen bi abesti, 'Glad All Over' eta 'Sure to Fall'.
The Beatles taldeak (Paul McCartney, John Lennon, Ringo Starr eta George Harrison) 275 emanaldi eskaini zituen 1962ko martxoaren eta 1965ko ekainaren artean. 1963. urtean bakarrik, 39 irratsaiotan izan ziren, eta, egun bakar batean, 18 kantu grabatu zituzten, zazpi orduko saio batean, akatsak zuzentzeko aukera gutxirekin.