Itxi

Musika

Eszenatokiei agur esan dio

Azkenengo kontzertua eskaini du Barricadak, milaka zaleren aurrean

Erredakzioa

Rock talde nafarrak Iruñeako Anaitasuna pabiloian eman dio amaiera 30 urteko ibilbideari.

4:52
Argazkia: EiTB

Barricadak Iruñeako Anaitasuna pabiloian esan zion agur eszenatokiei, atzo, adin guztietako milaka jarraitzaileren aurrean.

Urte luzez taldeko burua izan den Enrique Villarreal 'El Drogas' gabe, Javier Hernandez 'Boni', Alfredo Piedrafita, Ibon Sagarna eta Ander Izetak osatzen dute gaur egun Barricada, 1981ean Iruñean sortua. Bertan eskaini ditu taldeak bere azken hiru kontzertuak, eta atzokoarekin, ibilbide musikalari bukaera eman dio.

Hasiera batean kontzertu bakarra eskaintzea pentsatzen zuten, baina ordu gutxitan sarrera guztiak agortu zirela ikusita, hiru 'agur' egin dituzte azkenean.

"Barricada, Barricada" oihuen artean, bideo baten ostean igo zen taldea eszenatokira, kontzertuari hasiera emanez Noche de rock and roll abestiarekin. Oroitzapenez betetako emanaldia eskaini zuten, eta momentu askotan, zaleen ahotsek eurenak estaltzen zituzten.

Agurra laburra iruditu zitzaien Anaitasuna pabiloian bildu zirenei, eta Iruñeako Txantrea auzoko taldeari ez zioten alde egiten utzi nahi. Eszenatoki gainera igo eta taldekideak besarkatzeko aukera ere izan zuten.

2011n 'El Drogas' liderrak taldea utzi zuen ibilbide berri bati ekiteko. Orduan, taldeak aurrera jarraitu zuen, baina 'Boni' abeslariak Barricada utzi eta bakarkako ibilbideari ekiteko nahia agertu zuenean, taldeari agur esatea erabaki zuten.

Hiru kontzertu horiek ez dute jarraipenik izango, baina, Alfredo Piedrafita baxu-jotzaileak adierazi zuenez, ez dute baztertzen etorkizunean, momentu jakin batzuetan, berriro biltzea.

Iruñeako taldea hogeita hamar urtez erreferentea izan da estatu mailako rock munduan. Hogei diskotik gora kaleratu ditu Barricadak, eta milioi bat disko baino gehiago saltzeagatik diamantezko diskoa jaso du.