Musika
Opera
OLBEk Leo Nuccirekin ospatuko du 60. urteurrena, ostiral honetan
Opera Lagunen Bilboko Elkarteak Verdiren omenezko kontzertua antolatu du, Leo Nucci baritonoaren eskutik. Ekitaldian, elkartearen urrezko eta brillantezko domina emango diote Iñaki Azkuna alkateari.
-
Leo Nucci bartionoa. Argazkia: OLBE.
Opera Lagunen Bilboko Elkarteak OLBE Kontzertu ohikoa egingo du ostiral honetan, Euskalduna jauregian, 60. urteurrena ospatzeko. Verdiren omenezko emanaldia izango da, Leo Nucci baritonoaren eskutik, eta ekitaldia, gainera, Iñaki Azkuna Bilboko alkateari elkartearen domina emateko baliatuko dute.
OLBEk azaldu duenez, Leo Nucci bartitono italiarrak "bere ibilbide arrakastatsua elikatu duten konposizio handiak" interpretatuko ditu La parola scenica izenburupean.
Italian Chamber Opera Ensemble lagun duela, Nuccik italiar musikari "unibertsalena" izan zenaren lana ekarriko dio Bilboko publikoari, Estatuan inoiz egin ez den kontzertu bat eskainiz, "Piacenzan arrakasta izan berritan eta laster Londresera joan aurretik".
Ikuskizunak bi zati izango ditu, eta errepertorio verdiarraren aria ospetsuenek ez dute huts egingo, noski, "italiar baritono handiaren ibilbidearen oinarri baitira".
Ikuskizun horretan, elkarteak OLBEren sari handiena emango dio Iñaki Azkuna Bilboko alkateari. 2012an erabaki zuten ematea, opera babestearren eta Tutto Verdi proiektuarekin izan zuen inplikazio eta konpromisoa aintzat hartzeko.
Kontzerturako sarrerak 20 euroan hasita eros daitezke OLBEren bulegoetan, elkartearen webgunean, 94 435 51 00 telefono zenbakian, eta Euskalduna Jauregiko txarteldegian, hilaren 16 eta 17an.