Musika
Disko berria
John Fruscianteren azken diskoa, espaziotik entzungai
Natxo Velez | eitb.com
Red Hot Chili Pepperseko gitarrista ohiak marketin ekimen berritzaileari ekin dio bere azken diskoa ezagutarazteko: kantuak satelite batean sartu eta espazioratu dituela esan du...
John Frusciante ez da, zorionez, ohiko artista horietakoa. Bere filosofia bitxiaren arrastoak han-hor-hemen utzi ditu bere ibilbidean, nola bizimoduan hala Red Hoten arrakastak itzalpean utzi duen bakarkako ibilbide musikal aberats, pertsonal eta zinez gomendagarrian.
John Fruscianteren azken burutazioa "Enclosure" disko berria sustatzeko kanpaina izan da. Webgunean iragarri eta bideo batean erakutsi duenez, Fruscianteren azken diskoko kantuen grabazioa satelite batean gorde, eta suziri batean espazioratu dute.
Gitarrista eta konposatzaile handiak jakinarazi duenez, diskoa entzun nahi duenak gailu mugikorrera aplikazio bat jaitsi behar du; hala ere, satelitea zure lurralde eremuaren gainean hegaldatzen ari denean soilik entzun ahal izango dira kantuok. Gainera, satelitea aktibo dagoen bitartean soilik belarriratu ahalko dira konposizioak; hots, apirilaren 7a baino lehen.
Inuzentekeria (astearte honetan, Inuzenteen Eguna da herrialde askotan) edo merkatu estrategia hutsa izan, Frusciante abiada bizian da berriro. Orain, gitarristak zein bideri heldu dion entzuteko ordua dugu lurtarrok; iragarrezina da azkenaldian gitarra baztertu eta elektronikarekin jolasean aritu den musikariaren disko berriaren norabidea.
Suziriak suziri, ez legoke txarto Shadows Collide with People, Curtains edo The Empyrean lan ikaragarrietan hartu zuen mailara heltzea.