Musika
Sopranoa
Ainhoa Garmendia: 'Donostian opera denboraldia sortu nahi dugu'
Natxo Velez | eitb.com
Ainhoa Garmendia soprano entzutetsuak erronka bati heldu dio: Opus Lirica taldearen bidez Donostian opera indartu nahi du. Apirilaren 19an eta 21ean, "Elisir d'Amore" taularatuko dute, Kursaalen.
-
Ainhoa Garmendia sopranoa.
Opus Lirica elkarte lirikoak Donostiako opera eszena biziberritu nahi du. Punta-puntako ikuskizunak programatu nahi dituzte elkarteko kideek, lehen mailako artistekin, baina prezio merkeagoak eskainiz.
Ainhoa Garmendia gipuzkoar sopranoarekin, Opus Lirica elkartearen helburuez eta funtzionamenduaz hitz egin dugu; ibilbide oparoko abeslari hau da, hain zuzen, Andrea Alberinekin batera, Opus Lirica taldearen zuzendaritza artistikoaren arduraduna. Besteak beste, "Elisir d'Amore" apirilaren 19an (20:00) eta 21ean (18:00) Kursaalen taularatuko duten operaz aritu gara.
Sarrerak salgai daude, jada, Kutxabank sarean eta Opus Lirica elkartearen webgunean.
Zein da operaren egoera gaur egun Donostian? Zer zeregin betetzera dator Opus Lirica operaren eszenan?
Donostian, opera ez da ia existitzen: urtean behin edo birritan baino ez da operarik izaten. Opus Liricaren zeregina Donostia Espainiako beste hiriburu batzuen mailan jartzea izango da. Bilbok, Oviedok, Iruñeak eta beste hiriburu batzuek eskaintzen duten maila artistikoa eskaini nahi dugu.
Epe ertain eta luzera begira, zer proiektu dauzka elkarteak?
Gure konpainiaren egitasmoa Donostian denboraldi egonkor bat ezartzea da. Aurten, gure lehen opera aurkeztuko dugu: "Elisir d'Amore", Donizettirena. Datorren urtean, bi egin nahi ditugu; eta 2016an, hiru.
Zelan funtzionatzen du elkarteak? Zelan parte hartu dezake nahi duenak?
Hainbat jarduera dauzkagu. "Elisir d'Amore" bukatutakoan, entzunaldiak egingo ditugu, bigarren denboraldiari begira. Gainera, laster abonamendu gisako zerbait atera nahi dugu, edo "operaren lagun" maila ematen duen zerbait, jendeak, sarrerak erosteko orduan, hainbat onura izan ditzan.
Zergatik egin duzue autoekoizpenaren aldeko hautua? Zer abantaila eta desabantaila dauzka funtzionamendu horrek?
Gure konpainiako kide guztiak artistak gara. Andrea Albertin (orkestra zuzendaria) eta ni, Ainhoa Garmendia (sopranoa), gara zuzendariak, eta biok enpresak zuzendu ditugu aurretik ere, baina, artistak garenez gero, oso ondo dakigu, adibidez, beste musikari eta kantari batzuek zer behar duten. Mundu hau barrutik ezagutzen dugu, eta kanpotik ikusten ez diren gauza askoren berri badugu, ondorioz.
Zuen hurrengo errepresentazioa "Elisir d'Amore" Gaetano Donizzetiren lana da, eta Kursaalen egingo duzue. Zelakoa izango da?
Gure ekoizpena 50eko hamarkadan oinarrituta dago: rockabillya, pin up neskak... "Elisir"en argumentua oso dibertigarria da, komedia da: Nemorino (tenorra: Gustavo de Gennaro) Adinarekin (sopranoa: Ainhoa Garmendia) maiteminduta dago, baina horrek ez dio jaramonik egiten. Orduan, Dulcamarak, kaleko saltzaile batek, edabe bat emango dio, emakumea limur dezan. Belcore pertsonaia agertuko da jarraian: gizon honek ezkontzeko eskatuko dio Adinari, eta honek baietz esango dio, Nemorinok egindakoaren aurrean mendekua hartzeko. Azkenean, dena ondo bukatuko da, baina ez dut erabat argituko; hobe da jendea emanaldietara etor dadila, eta bertatik bertara ikustea. Opera italieraz da, baina hori ez da arazoa izango istorioa ulertzeko, euskarazko eta gaztelaniazko azpidatziak egongo baitira.